Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Geroa Baik ez du Chivitek nahi duen bezain azkar emango bere erantzuna

María Chivite, Iruñeko PSNren egoitzan, joan den uztailaren 24an.
María Chivite, Iruñeko PSNren egoitzan, joan den uztailaren 24an. (Iñigo URIZ | FOKU)

Maria Chivite lehendakarigaiak Geroa Bairen baiezkoa espero du, ostegunean egindako eskaintzaren aurrean aldeko erantzuna, alegia. Baina Uxue Barkosek zuzentzen duen alderdiak oraindik ez du bere erabakia jakinarazi, eta auziak luze jo dezakeela dirudi. «Ez dut Geroa Bairen baietza ez duen beste aukerarik aurreikusten», adierazi zuen PSNko idazkari nagusiak atzo Lizarrako txupinazoan.

«Negoziazio batean alderdi guztiek eman behar dute amore, baina espero dut azken proposamen hau Geroa Bairen gustukoa izatea, alde guztiek eroso egon behar dutelako Gobernuan», gaineratu zuen Chivitek.

SOLANAK GALGA JARRI DU

Ostegunean PSNren eskaintza berria jaso ostean, Pablo Azcona Geroa Baiko parlamentariak adierazi zuen erantzuna «ordu batzuetan» hel zitekeela. Eta koalizioko indar nagusiak diren Geroa Sozialberdeen eta EAJren exekutiboak ostegunean bertan bildu ziren, PSNren dokumentua aztertzeko. Taldeko bozeramailea Maria Solanak, ordea, Geroa Bairen aldetik erantzun azkarra nahi zutenen itxaropenak geldiarazi ditu.

Chivitek bezala Lizarrako txupinazoan egindako adierazpenetan, Solanak negoziazioan parte hartu zuten beste partaideen «baikortasuna eta poza» errefusatu zituen, eta zalantzan jarri zuen erantzuna eta akordioa berehalakoak izango direnik, Efe agentziak jakinarazi zuenez.

«Poztasuna akordio on batek emango digu; akordio bat non, zentzua duelako eta eraginkorra delako konbentzituko gaituen gobernu-egitura bat egoteaz gain, Geroa Bairi dagokiona aitortuko zaion», nabarmendu zuen Solanak. «Oraingoz ez gaude puntu horretan», gaineratu zuen Geroa Baiko eledunak, eta PSNri eskatu zion jakinaraz diezaiola «aurreko legealdian izan genituenak baino joko-arau askoz zorrotzagoak, askoz zehatzagoak eta askoz eraginkorragoak onartzeko prest dagoen», haren ustez «argi eta garbi dagoelako ez zirela nahikoak izan, konpondu ez ziren eta bideratu ezin izan ziren eta jasan behar izan genituen ez-betetzeak egon zirelako».

PSNri eta Chiviteri erreferentzia eginez, Solanak aitortu zuen «zenbaitek baikortasun eta poz handiagoa» erakutsi dutela akordioa berehala lortzearen aurrean -Chivitek Lizarrako udaletxean bertan hitz egin zuen lehentxeago-, baina argi utzi zuen bera ez dela iritzi berekoa: «Zapuztailea izatea sentitzen dut, baina nik ezin dut hori erakutsi».

Solanak ez zion datarik jarri nahi izan Geroa Baik PSNren eskaintzari eman beharreko erantzunari. «Erantzuna eman behar denean emango da. Chivite andreak, negoziazioetara joaten ez denez, agian ez daki oraindik bilerak falta direla desadostasun horiek ikusteko, tasatzeko eta akordioak betetzeko konpromisoa hartzeko, ez baitu balio horiek berresteak», aipatu zuen.

SAILBURUTZAK

PSNk Geroa Bairi egindako eskaintza berriak Chiviteren lehen Gobernuan izandako sailburutza kopuru bera mantentzen du, baina Osasun Sailaren kudeaketan aldaketa dago, eta orain Geroa Bairi egokituko litzaioke.

Hala, aipatu sail horrekin batera, Barkosen koalizioak hauek mantenduko lituzke: Herritarrekiko Harremanak (Euskararekin eta Kanpo Ekintzarekin); Garapen Ekonomikoa (aurreko legealdian izan dituen eskumen gehienekin eta Etxebizitzatik iristen den lurzoru industrialari dagokiona); eta Landa Garapena eta Ingurumena. Azken arlo hori ez zen agertzen lehen eskaintzan, eta bigarrenean sartu da. Itziar Gomezek zuzendu zuen aurreko legealdian.

Esan bezala, Geroa Baik Osasun Saila kudeatuko luke, Osasunbidearen egoeragatik “patata beroa” dena; izan ere, herritarrek itxaron-zerrendengatik dituzten kexak areagotu egin dira, eta eskuinaren kritiken jomuga bihurtu da.

Etxebizitza Saila Contigo-Zurekin-en eskura igaro da, Geroa Baik Estatuko Etxebizitza Legearen eta administrazio publikoen eskura jartzen dituen tresnen aurrean dituen mesfidantzak direla eta.