EDITORIALA

Gorroto diskurtsoak katolizismoaren izenean

Frantzisko aita santua nolabaiteko irekiera antzezten saiatzen ari zen bitartean, pederastiaren biktimekin bilduz edo «Elizan denak kabitzen» direla esanez, Eliza katolikoaren indar atzerakoiek gorrotozko diskurtsoekin jarraitzen dute. Orihuela-Alacanteko gotzain eta aurretik Donostiakoa izan zen Jose Ignacio Munillak katekesi batean adierazi duenez, «inor ez da gorputz okerrean jaiotzen», «Jaungoikoak ez baitu hutsik egiten». Trans pertsonei erreferentzia eginez esan du hori, egunotan Portugalen egiten ari den Gazteen Munduko Jardunaldian, Aita Santua bertan dela, hain zuzen ere.

Bere obsesio guztiei bide emanez, Munillak feminismoari eta ekologismoari eraso die lotura mental arraroak eginez. Hala, ekologismoak «transgenikoak salatzen» dituela esan du, baina aldi berean «transgeneroa» defendatzen duela salatu du, bere hitzetan «bat-batean gizon izatetik emakume izatera aldatu ahal izatea». Logika berari jarraituz, «baleak, fokak eta pinguinoak defendatzen eta salbatzen hasten direnak» eta abortua defendatzen amaitzen dutenak kritikatu ditu. Gazteei zuzendutako topaketa batean, jaiotza-tasa kontrolatzeko politiken, sexu-transmisiozko gaixotasunen kontrolaren eta antisorgailuen aurka hitz egin du. Munillaren ustez, «kontraesan horiek ideologia bat agerian uzten dute». Munilla atzerakoia da, baina baita ikasia ere, eta badaki berak defendatzen duena erlijioaren ikuspegi ideologizatu eta sektarioa dela. Bere pentsamendu-sistema diskriminazioan eta menderatzean oinarritzen da, erruan eta zigorrean, gezurretan eta beldurrean. Berea bai ideologia.

Munillaren diskurtsoa, Eliza katolikoaren sektore oso indartsua ordezkatzen duena, emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboaren diskriminazioa mantentzera bideratutako diskurtsoa da, batez ere. Hau da, gutxiengoen aurka ez ezik, munduko gehiengo handien aurka doaz. Etorkizunik gabeko gezurren bidez, pertsona askoren sufrimendua luzatu nahi dute, besterik ez. Atzerakoi hauentzat, giza eskubideak ere ideologia dira. Horregatik bakarrik, katolikoengandik hasita, gorrotozko diskurtso hauek salatu eta borrokatu behar dira.