Andoni ARABAOLAZA
PROTAGONISTA

Fabian Buhl alemaniarra, alpinismo modernoaren sortzaile indartsua

Mendizaletasunaren adar askotan maila handia emateaz gain, alemana alpinismoa eta parapentea uztartu dituen lehenenetarikoa da.

Fabian Buhl-ek badu kutsu berezi bat. Gai da boulderrean 8b+ egiteko, kirol eskaladan 9a, hormatzarretan bakarkako 8c mailako jarduerak, Alpeetan neguko bide berriak, Himalaian bide teknikoak... Eta hori egiten munduan bakarrenetarikoa da.

Batzuek diote Alexander Huber-en eskutik egin zuela zailtasuneko alpinismora salto. Bederen, ziurta genezake duela bost urte Huberrekin Pakistanen eginiko aktibitateari esker hasi zela bere izena entzuten. Sokada horrek Chotkoi Ri mendian (6.166 m, Pakistan) 2.200 metro luze den mistoko ertz bat zabaldu zuen.

Ezezaguna izatetik ezaguna izatera pasatu zen. Eta Buhlen izenak are indar handiagoa hartu zuen bi urte beranduago. Cerro Torre eskalatu ondoren, elur-perretxikotik (hots, gailurretik) parapentean hegan egin zuen. Hori egiten lehen gizabanakoa izan zen.

Antza denez, parapenteak eskaintzen dituen aukerekin gustura zegoen; izan ere, iaz, Will Sim-ekin batera Pakistanen dagoen Gulmit izeneko dorrea (5.810 m) eskalatu zuen. Baina hurbilketa, oinez egin ordez, parapentean egin zuen.

Alemanaren hastapenei begiratuta, ikusiko dugu lehen urratsak mendiko eskiko lehietan egin zituela. Ez zituen oso gustuko, eta horregatik hasi zen boulderrean. Baina praktika horretan pare bat aldiz orkatilak puskatu zituen. Blokearekin aspertu eta hormatzarretan eskalatzen hasi zen. Ondoren, alpinismora trantsizioa egin eta, aipatu bezala, egun parapentearekin oso lotuta dago.

Esan bezala, diziplina ezberdinetan maila handia erakutsi du. Horrek alpinista eta jende asko harritu du. «Maila hori ez da urte osoan berdina. Espedizio batera joaten banaiz, aerobikoa lantzen dut. Hots, mendian makina bat ordu igarotzen ditut. Parapenteari dagokionez, iaz denbora asko eskaini nion; izan ere, nire alderik ahulena da. Urrats txikiak egiten ari naiz, eta, batez ere, hegan egiteko mekanika ulertzen jarduten dut. Udazkenean, berriz, arrokan askoz gehiago eskalatzen dut. Onartu behar dut azken urteotan boulderrean zein eskaladan ez dudala proiektu gogorrik izan. Mendiak eta alpinismoak gero eta gehiago erakartzen naute. Horregatik iruditzen zait paralpinismoa edo “combo”-a (parapentea+alpinismoa) tresna oso dibertigarria eta aparta dela mendi garaietan jarduera handiak egiteko», adierazi du alpinista alemaniarrak.

Protagonista honek diziplina hori aipatu duenez, esan behar dugu eskalada jardunaldi batzuetan Sam Beaugek mendian “jolasteko” era berri baten inguruan bi hitz egin zizkiola: «Eskalada gogorrak gustuko ditut, baina horietan kide bat ondoan izan nahi dut. Gertatzen da batzuetan baldintzek atzera egitera behartzen zaituztela. Alpinismo igoera gogorrak orekatzeko, zer edo zer dibertigarria behar nuen. Eta horrela hasi nintzen parapentearekin eta ‘combo’-ekin. Parapentearen teknika ondo kontrolatzeko, ordu asko hegan egin behar duzu. Horregatik, jendea galdezka hasi zen eskalada zergatik baztertu ote nuen. ‘Combo’-a buruan iltzatuta geratu zitzaidanez, banekien parapentean progresio handia lortu behar nuela. Gailur batetik hegan egitea oso ondo dago, baina niretzat hori lehen urratsa baino ez da».

“Hegan egin, eskalatu eta berriro hegan egin”, lema hori lau haizeetara aldarrikatzen ari da Buhl. Alpeak, Pakistan eta Patagonia dira bere “jolastoki” kutunenak. “Combo”-a alderdi horietan praktikatu du bederen: «Inguru horietan guztietan termikak daude. Hortaz, haranak dira hegan egiteko erabiltzen ditugun lekuak. Gainera, arrisku asko saihesteko tresna eraginkorra da. Adibidez, Choktoi Ri mendira hurbiltzea oso luzea eta arriskutsua zen.; parapentearekin hori guztia saihesten duzu. Eta, horretaz gain, parapentearekin ez duzu ia hilabete egin behar kanpaleku nagusian girora egokitzen».

Arrisku hitza alpinismoaren jarduera guztietan nonahi ageri da. Eta, batez ere, alpinista alemanak egiten dituen eskaladetan. Lehen lerroan dauden alpinistek maiz “segurtasunari” buruz hitz egiten dute, baina badakite arrisku hori giltza dela egiten dituzten aktibitateetan. Beste era batera esanda, eskaladaren ezaugarri garrantzitsu bat da arriskua, eta bere intentsitatea erabakitzen du: «Arriskua beti hor dago, eta onartzen dut arriskatzen dudala. Baina, era berean, ahalik eta hobekien kalkulatzen dut. Kirol hau praktikatzen denbora luzea daramazunean, badakizu arriskua onartu behar duzula. Ia urte osoa hori kudeatzen pasatzen dut. Niretzat errutina bat da; ez dut erabateko segurtasuna eskatzen. Pozik egoten naiz neure ardurak nik neuk gestionatzen ditudalako, eta ondo sentitzeko jarduera arriskutsu horiek egin behar ditut».

PARAPENTEAK SEGURTASUNA

Arriskuaren inguruan, alpinista alemanak ziurtatu du parapenteak segurtasuna ematen duela. Alabaina, Cerro Torren izan zuen esperientzia ez zen batere ona izan: «Parapenteak ia edozein lekutik hegan egiteko aukera ematen dizu. Segurua da, jaisteko arazorik ez dizu ematen… Eta, batez ere, eskalatzeko aukerak biderkatzen ditu. Pakistango espedizioa, adibidez, ia hilabetekoa izan zen, eta, oker ez banago, 25 egun igaro genituen eskiatzen eta eskalatzen. Parapenterik gabe, hori ezinezkoa izango zen. Nahiz eta Pakistanen geunden, bazirudien etxe ondoan geniharduela. Cerro Torreko esperientzia kaka hutsa izan zen. Soilik 40 hegaldi nituen, eta maila horrekin ezin nuen haizearen aurka nire hegala zabaldu. Argi dut gaur egun ezberdina izango litzatekeela».

Indartzen ari den joera da paralpinismoa. Lehen lerroko alpinisten artean gero eta gehiago zabaltzen ari da, baita mendizale xumeen artean ere. Horrez gain, klima aldaketa dela medio, jaitsiera asko oso arriskutsu bihurtu dira, eta parapentea horiek saihesteko tresna oso egokia da. Gainera, tresneriaren eta tekniken garapena abiadura azkarra hartzen ari dira, eta badirudi horrek etorkizuna izango duela mendiko praktiketan: «Tresneria oso arina zein segurua da, eta horrek gero eta mendizale gehiago erakartzen du kirol hau praktikatzera. Maila ertaineko eskaladetan kilo bateko pisua duten parapenteek ez dizute trabarik egiten. Argi dut jaitsiera oinez egiten baduzu askoz ere arriskutsuagoa dela. Adibidez, onartu behar dut ez naizela inoiz berriro Mont Blanc-en oinez ibiliko. Malda bat irristatzen jaistea gorputzarentzat askoz ere atseginagoa eta osasungarriagoa da. Parapentea eta alpinismoa uztartzea etorkizuna da. Eta ez soilik jaitsierak egiteko. Parapentearen benetako abantaila da mendira hurbiltzeko garraio gisa erabil dezakezula. Ondoren, aukeratutako xedea eskalatzen duzu eta berriro hegan egiten duzu ‘etxera’ itzultzeko. Parapenteari esker, espedizioak askoz ere erosoagoak dira. Besteak beste, ez duzu hilabete bat kanpaleku nagusiko itzalean egin behar».

Hain zuzen ere, iragan azaroan, mendian zela, elur-jausi batek harrapatu zuen Buhl. Alabaina, ezbehar horrek ez dio aldatu alpinismoarekin duen harreman estu eta zuzena. «Hilabete igaro nuen ia mendira joan gabe. Baina eten hori laster uxatu nuen. Asko hausnartu ondoren, ohartu nintzen une jakin horretan nuen intuizioa %100ekoa zela. Mendiko baldintza txarrak zirela medio, argi dut atzera egin behar nuela, eta ez nion neure buruari hirutan galdetu erretiratu beharra nuela. Hau esan behar nuen: sentitzen dut, baina bagoaz hemendik. Muturrera eraman nuen igoera; hortaz, amore eman behar nuen. Oso erraza izaten da istripu baten ondoren zentzuduna izatea. Haatik, gehitu behar dut beti saiatzen naizela nire helburua eta baldintzak ondo aukeratzen. Jakina, arriskua ahal dudan neurrian txikitzeko. Sare sozialak aipatuko ditut. Eskuarki, poza ematen didana argitaratzen dut. Ez dut publizitaterik egiten, ez dut algoritmoa behatzen, ez dut estrategiarik… Uste dut hedabideen presioek istripuetan eragina dutela. Nahiz eta baldintzak gaiztoak diren, tentatuta egoten gara jardueraren bat egiten sare sozialetan argitaratzeko. Ezin zara gai horretaz erabat aldendu, eta ez da %100 osasungarria», adierazi zuen Fabian Buhl alemaniarrak.