Imanol CARRILLO
EUSKOTREN LIGA

Txingudiko Bandera astinduta lidergoa sendotu du Arraun Lagunak-ek

Hondarribiko uretan denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu zuen Lugañeneko ontziak eta Orio hirugarren helmugaratu zenez, Euskotren Liga ederki bideratzea ahalbidetu zion. Bost puntuko aldearekin dira lider donostiarrak, bost estropaden faltan.

Arraun Lagunakeko eskifaia, Hondarribiko uretan erdietsitako garaipen handia ospatzen.
Arraun Lagunakeko eskifaia, Hondarribiko uretan erdietsitako garaipen handia ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bandera bat baino zerbait gehiago irabazi dutelakoan daude Arraun Lagunakekoak, nahiz eta Hondarribian lortutako garaipenaren ostean egindako adierazpenetan zuhurtzia izan zen nagusi. «Pixkana-pixkana joan behar dugu. Egunerokoan lan egin behar dugu; bost puntuko errenta hori gurea da, baina edozer gerta liteke», esan zuen “Lugañene” ontziko patroi Andrea Astudillok.

Denboraldiko hirugarren bandera astindu zuen Arraun Lagunakek, hiru estropadatan jarraian bigarren bukatu ondoren berriro garaipenaren bidera itzulita. Hain zuzen, erregulartasun horrek eraman du lidergoa mantentzera eta XV. Txingudiko Bandera irabaztea kolpe garrantzitsua izan da sailkapenean. Izan ere, Donostiarrak bukatu zuen Orioren eta “Lugañene”-ren artean eta, beraz, bi puntutan handitu zuen aldea Juan Mari Etxabek entrenatutako eskifaiak.

Nadeth Agirreren patroitzan, oriotarrak kale eskasenean aritu ziren Hondarribiko uretan, Bidasoa ibaiaren korrontearekin nor baino nor borrokan. Lehen luzean Donostiako bi traineruak izan ziren onenak eta denbora berarekin iritsi ziren ziabogara; dena dela, bi segundo jan zizkien Oriok eta azken txanparaino irekita egon zen estropada.

Lauzpabost segundora mantendu zen Orio, bai Donostiarraren bai Arraun Lagunaken traineruekiko. Tolosaldea atzean geratu zen segituan eta, azkenean, 92 ehunenekorengatik eutsi zion laugarren postuari. Tolosako trainerua hain atzean geratuta, Astudillok bigarren kalera mugitu zuen bere ontzia, Oriori gertutik jarraitzeko. Izan ere, donostiarren helburua, hasi eta buka -hala entzun zen lehen luzean ere- “mirotzei” gertutik begiratzea izan zen, eta kosta ahala kosta, haien aurretik helmugaratzea.

Haien aurretik ez ezik, Donostiarra bien artean kokatzeak sekulako hauspoa eman zion “Lugañene” baserriko ontziari. «Nahiko erregularrak izaten ari gara eta horrelako garaipenak ondo etortzen dira», onartu zuen Astudillok.

BOST PUNTU

Liga bukatzeko bost estropada falta direla, bost puntuko aldearekin dago lidergoan Arraun Lagunak eta fio ez badira ere -Galizian bi estropada jokatu behar dituzte, estropada eremu ezezagun batean-, ospatzeko moduak agerian utzi zuen garaipen bat baino zerbait gehiago izan zela.

Lehen txandan, bestalde, Hondarribia izan zen azkarrena eta berriro ohorezko txandan lehiatzetik ehuneneko gutxira geratu zen. Sailkapen nagusian bosgarren postua kasik ziurtatuta, koska bat gehiago egin nahi dute estropada bakoitzean, baina oraingoz Tolosaldeak laugarren postuari eusten jarraitzen du. Dena dela, euren txanda irabazita -gainera, kale eskasenetik- pozik agertu zen Miren Garmendia, ligako patroirik onena. «Kale eskasena izanagatik ere, berriro ona egin dugu. Etxean lehiatuta, motibazio estra bat geneukan eta txanda irabaztea eskertza moduko bat izan da zaleentzat», adierazi zuen.

Cabok egin zuen seigarren, etxeko ontzitik segundo batera eta Hibaikak, lehen luzean txukun aritu bazen ere, itzulerakoan denbora galdu eta azken-aurreko lekuan bukatu zuen, Tiranen aurretik.

KAIKU NAGUSI ONDARROAKO URETAN

ETE ligan, Kaikuk bosgarren garaipena lortu zuen Ondarroako XXXIX. Banderan, eta ligako lidergoa sendotu du. Sestaoko traineruak, 11:04.73 denborako erlojupekoarekin, argi eta garbi irabazi zion Zumaiari hamabi segundoko aldearekin. Hirugarren Astillero izan zen, lehen txanda irabazita.