Ane URKIRI ANSOLA
LEKEITIO
ARRAUNA

Arraun Lagunak eta Urdaibairen beste kolpe bikain bat, itsaso zakarrean

Lugañenek eta Bou Bizkaiak asteburu bikaina osatu zuten Lekeition, beste garaipen bat erdietsirik. Hori ez ezik, arerio zuzenekiko aldea handitu egin dute sailkapen nagusian. Biak ala biak lider dira, bigarrenari sei puntuko aldea aterata.

Arraun Lagunak-eko eskifaia, arraunak gora altxatuz, Lekeitioko garaipena ospatzen.
Arraun Lagunak-eko eskifaia, arraunak gora altxatuz, Lekeitioko garaipena ospatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Zikin, bihurri, zakar azaldu zen atzo Lekeitioko itsasoa eta estropadetako beste protagonista bat gehiago izan zen. Dena dela, ezustekorako tarte gutxi utzi zuen, Euskotren ligan zein Eusko Label ligan ohorezko txandetatik atera baitziren banderaren irabazleak, bezperako berberak: emakumezkoetan Arraun Lagunak eta gizonezkoetan Urdaibai, sailkapen nagusietan beste koska bat gehiago irekitzeko.

Euskotren ligari dagokionez, Lugañeneko ontziak bikoiztu egin du aldea. Oriorekiko hiru puntuko abantaila seira handitu du eta, lau estropada puntuagarriren faltan, kontuan hartzeko koska izan daiteke. Ez erabakigarria, Tolosaldeak eta Donostiarrak-ek erakutsi baitute bi oilarren artean koka daitezkeela edozein estropadatan. Izaro Lestayoren patroitzarekin Tolosako ontziak gogor egin zien “mirotzei” lehendabiziko luzean, baina ziabogaren ondoren Oriok hortzak estutu eta liderrarekiko aldea ahalik txikiena izatera jo zuten, bezperan Hondarribiko uretan gertatu zena saihestu eta puntu bat bada ere salbatzeko.

Arraun Lagunakek, Andrea Astudillo patroiaren gidaritzapean, hasi eta buka, nagusitasuna erakutsi zuen. “Txiki” ontziari ezinezkoa egin zitzaion indarrak parekatzea. Lugañeneko ontziak abantaila probesteko, laugarren kaletik lehenbizikora maniobra egin zuen poparean eta azken luze bikaina sinatu zuen. «Oso kontent gaude. Gogotsu ginen horrelako estropada bat egiteko. Esaten da itsaso zakarrean ez garela moldatzen, baina beste behin erakutsi dugu edozein baldintzetara moldatzeko gai garela», adierazi zuen Xubane Uribarrenak, Juan Mari Etxabe entrenatzailearen konfiantzazko arraunlarietako batek.

Azken lau estropaden faltan, sei puntuko aldearekin ekingo dute astea, Galiziarako bidaia ortzimugan dutela. Estreinakoz lehiatuko dira Moañan eta Boiron, eta horrek ziurgabetasuna eragiten du. Alta, hankak lurrean izan nahi dituzte donostiarrek, «akatsak garesti ordaintzen dira-eta».

ZAZPIGARREN TRAPUA

Arraun Lagunakek asteburu bakar batean sailkapen nagusiko aldea bikoiztu egin badu, Urdaibaik hirukoiztu egin du. Bi puntuko aldearekin hasi eta seirekin bukatu du, liga are bideratuago utziz.

Honek ere hasi eta buka agindu zuen estropadan -oro har, txanda guztietan lehen luzean nagusi izan zenak irabazi zuen-. Bou Bizkaiak martxa ona hartzen duenean geldiezina da. Bigarren txandan Donostiarrakek egin zuen denbora dotorea hamasei segundotan hobetu zuen. Kasik erlojupekoa bailitzan aritu ziren bermeotarrak. Zierbena, ohorezko txandako bigarrena, Urdaibaitik 22 segundora iritsi zen, eta Hondarribiak kalapita saihestu zuen, ehuneneko gutxi batzuengatik, laugarren denbora onena eginez galera apur bat gutxitu baitzuen. Dena dela, Urdaibaik liga hau galtzeko akats larri bat gertatu behar duen irudipena dago. Zazpi bandera astinduta, denboraldiko bigarren zati honetan motorra edukiko balute bezala arraun egiten dute.

Behealdean ere tarteak zabaldu egin ziren, Santurtziren kaltetan. Ander Fernandez aritu zen patroi, bezperan, Hondarribian, Garmak eginiko akatsaren ondotik. Hala ere, Sotera azkena izan zen, eta Samertolameu eta bere artean Kaiku sartu zenez -trakets aritu zen Kortaren taldea-, hiru puntuko aldea besterik ez dago galiziarren eta santurtziarren artean, zuzeneko jaitsiera eta play-down postuen artean.