GARA
BAIONA
Entrevue
GABI MOUESCA
Iparretarrak (IK) erakundeko militante ohia

«Gure kultura militantearen arabera, ekintzak baino helburuak azaltzen genituen»

«Lehenengo aldia da hau publikoki kontatzen dudala», adierazi du Gabi Mouescak. Popo Larre desagertu zela 40 urte bete direnean, 1983ko abuztuaren 7an Jendarmeriari aurre egin zion Iparretarrak (IK) taldeko kideen artean zegoela aitortu du.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

 

Duela 40 urte desagerturiko Popo Larreren laguna zen Gabi Mouesca. Oihana Daguerre eta Ximun Larre kazetariek osatu duten podcasta kari, orain arte publiko ez zen informazioa baieztatu du. 1983ko agorrilaren 7an Landetan Jendarmeriako patruilari aurre egin zion Iparretarrak taldeko kideen artean bera ere bazela aitortu du 1984tik 2001era preso egondako Mouescak.

Non zinen Popo Larre desagertu zen egunean?

Tiroketan parte hartu zuen militanteen taldeko kidea izan nintzen. Lehenengo aldia da ene bizitzan horri buruz publikoki mintzatzen naizela. Ez nuen horri buruz azalpenik eskaini auzitegietan, gure kultura militantean kontua ez zelako ekintzen gaineko gure posizioa azaltzea, baizik eta gure helburuen eta konpromisoaren berri ematea.

Nola igaro ziren gauzak?

Igande bat zen, arratsalde hondarrean. Iparretarrak taldeko militante baten atxiloketaren berri izan ondoren, segurtasunarengatik, geunden tokitik (Leon herriko kanpina, Landetan) alde egitea deliberatu genuen. Ateratzerakoan, Jendarmeriako 4L bat ikusi genuen. Gure atzetik heldu ziren (...) Bagenekien irratia zutela; beraz, ezin genuen denbora sobera eman errepidean gure autoarekin. Gelditu eta aurre egin genien. Hitz batzuk gurutzatu genituen. Patruilako arduradunak amore emateko agindu zigun. Haiek bi ziren, gu lau. Beraz, nagusitasun numerikoa gure alde zen. Aitzina egitea deliberatu genuen. Erantzun genien ez genuela amore emateko asmorik. Atzera egin zuten, pinuen atzealdera, babes bila. Tiratzeari ekin zioten, eta guk erantzun egin genuen.

Ikusi zenuen Popo Larre alde egiten?

Enfrentamendu armatua gertatu zen unean Popo joan zen. Berak ez zuen parte hartu tiroketan. Oihan aldera alde egin zuen, bakarrik joan zen. Atzo gertatu balitz bezala oroitzen dut! Tiroketa laburra izan zen, eta horren ondorioz jendarme bat hil zen eta bestea zauritua izan zen. Besteok alde egin ahal izan genuen jendarmeen ibilgailuan. Gu inguratzeko tranpa gehiago itxi zitzaigun egun hartan.