Maider EIZMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Irudia

Lasterketa baten amaiera. Kosta egin zaigu behar bezala ikusteko tokia topatu eta bertan lekua egitea. Itxaron egin behar dugu, gainera; segundo bakar batzuetan ikusi eta gorde nahi dugun hori badator, azkar, baina ez guk nahiko genukeen abiadan. Musikak iragarri du lehenengoen iritsiera, eta bat-batean alboan dagoen emakumeak kamera atera, gorputza aurreratu eta ikustea espero genuen hori estali digu. Gu atzean utzi gaituela ohartu ez delakoan, ez dugula ikusten esan diogu; antza, haren ondoan dagoenak gauza bera egin du, eta «ulertuko duzue» tonuan grabatzeko aurreratu egin behar izan duela esan digu, larritu gabe. Lasterketaren amaiera, lehenengoen helmugaratzea behintzat, bere telefono mugikorreko pantailari begira jarraitu behar izan dugu ia osorik, eta atzetik, behin igarotakoan, txalo egin diegu kirolariei. Gero, publikoari bota dio begirada mugikorrarekin emakumeak, agian lortu dituen irudiei meritua emateko: jendetza dago, eta berak lortu du.

Opor sasoia amaitutakoan, ez dakit mugikorretan gordetako zenbat argazkitan ez ote garen nahi gabeko atrezzo bilakatuko, nork daki zein egoeratan eta zein aurpegierarekin, gainera; gaur dena eta edonon jaso beharra baitago. Egiari zor, gurean ere gero eta gehiago ateratzen dira etxetik kanpo gaudenean; batez ere, ez delako nahikoa telefonoz deitu eta ondo pasatzen ari garela edo hau eta bestea ikusi dugula esatea, proba grafikoak eransten zaizkie istant zehatz bateko irribarrea helarazteko. Ohitura arazo bilakatzen ari da, ordea, munduko toki batzuetan, sare sozialetan arrakastatsu diren txokoetan, batez ere; «sare sozialen turismo» deitu denak irudiak gorde eta zabaltzearen eta bertako herritarren ohituren eta bizimoduaren arteko talka eragin duelako. Aditu bati irakurri diot oinarrizkoa dela bisitatu behar den tokiko ohiturak ezagutzea, mugikorra une batez alboratu, eta tokiarekin eta tokikoekin konektatzea eta, noski, argazki horien atzean ezkutatzen diren irudi ez hain xarmagarriak ere erakustea; ilunabar ederren eta paradisu zatien atzean, glamour handirik ez duten ilara luze eta neketsuak sortzen direlako.