M.D.
IRUÑEA

EH Bilduren militantziaren %83k abstentzioaren aukera babestu du

Miren Zabaleta, Laura Aznal eta Adolfo Araiz, joan den astean negoziazioei buruz EH Bilduk eman zuen prentsaurrekoan.
Miren Zabaleta, Laura Aznal eta Adolfo Araiz, joan den astean negoziazioei buruz EH Bilduk eman zuen prentsaurrekoan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

EH Bildu Nafarroaren militantziak bat egin du Mahai Politikoak luzatu zuen proposamenarekin, eta Maria Chivite lehendakari izendatzeko bozketan, abstentzioaren aukerak babes zabala lortu du.

Formazioak emandako datuen arabera, militanteen %82,7k abstentzioaren alde egin du, eta %12,7k, kontra. Honekin batera, %4,6 zuri izan dira. Parte-hartzea %61,2koa izan da. «Gehiengo zabal batek Chiviteren inbestidura abstentzioaren bidez babestearen alde egin du» nabarmendu du EH Bilduk ohar batean.

EH Bilduren eledun Laura Aznalek kazetariei egindako adierazpenetan esan duenez, «gure militantziak azken lau urteotan egin dugun lana ikusi du, eta ados dago Chiviteren inbestidura datozen lau urteotan aurrera egiten segitzeko abiapuntua izan daitekeela esaten dugunean».

Gauzak horrela, abiatzear den legegintzaldian «exijenteagoak izango gara eta zerbitzu publikoen indartzea, eskubideak zabaltzea -hizkuntza arlokoak kasu- eta Nafarroako autogobernuan aurrera egitea eskatuko dugu».

Honekin batera, beste behin, «EH Bildu Nafarroan politika aurrerakoiak martxan jartzeko bermea dela» azpimarratu zuen.

EH Bilduren abstentzioa ezinbestekoa da Chivite lehendakari izendatzeko. Izan ere, PSN, Geroa Bai eta Zurekin-ek 21 parlamentari baino ez dituzte biltzen, eta EH Bilduren bederatziekin, 30era heltzen dira, eskuinaren (UPN, PP eta Vox) 20ak aise gaindituz.

Azken asteotan behin eta berriz azaldu duenez, abstentzioarekin eskuina boteretik kanpo uztea lortzen da, hirugarren aldiz. Honekin batera, Chiviteren Gobernuan eragiteko aukera izango du, EH Bilduren oniritzia beharrezkoa izango delako, aurrekontuak eta legeak ateratzeko.