GARA
LOCARNO

Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso du «Negu Hurbilak»-ek Locarnon

Negu Kolektiboa Cineasti del Presente sailean lehiatu da ‘‘Negu Hurbilak’’ filmarekin eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratu du. Negu Kolektiboa Bartzelonako ESCAC zinema eskolan sortu zen eta Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrek eta Adria Rocak osatzen dute. Lauren artean zuzendu dute ‘‘Negu Hurbilak’’, euren lehen film luzea. Maluta Films eta Cornelius Filmsek ekoitzi dute. Filmaren berezitasunetako bat da analogikoan (16 mm.-tan) filmatua egotea.

Nazioarteko estreinaldia izan da Locarnokoa, eta, saria jaso berritan, aitortza «egun hauetako esperientzia biribiltzeko modua» izan dela adierazi zuten: «Hemen egote hutsa saria izan da, eta jaialdiak eman digun babesa, sekulakoa. Gure lehen lana hemen aurkeztea sinestezina zen, eta are sinestezinagoa da orain sari honekin itzultzea etxera. Etorkizunera begira ate asko irekiko dizkigu». Izan ere, «aurrekontu txikiarekin» egindako filma da eta Jone Laspiur da filmeko antzezle profesional bakarra; gainerakoak Nafarroako Zubietako herritarrak dira. Koletiboko kideak bi urtez aritu dira bertan filmatze prozesua egiten, eta taldekoek azpimarratu zuten esperientzia horren berezitasuna: «Herriak harrapatu gintuen, eta herritarrek tarte horretan egin ziguten harrera izugarria izan zen». Aitortza jasotzean ere zubietarrez oroitu zirela ere nabarmendu zuten.

‘‘Negu Hurbilak’’ filma 2011. urtean, ETAk jarduera armatua eten zuen unean dago girotua eta arrazoi politikoak tarteko ihesi dabilen emakume baten (Jone Laspiur) bizipenak ditu ardatz.