EDITORIALA

Naturaren balio aniztasuna, biziari eusteko

Iragan astean naturaren balioen inguruko artikulu bat argitaratu zuen “Nature” aldizkariak, duela urtebete Ipbes bioaniztasunari buruzko gobernuarteko plataformak plazaratu zuen txostena oinarri. Lau urteko lana da, 140 bat ikerlarik egina eta Ipbes erakundea osatzen duten 139 estatuek eskatua. Gaur, hala “Nature”ko artikulua nola txosten hura koordinatu duen ikerlari gasteiztar Unai Pascualekiko elkarrizketa aurkituko ditu irakurleak orrialdeotan. BC3 Klima Aldaketarako Zentroko ikertzaile eta ingurumen ekonomiako doktoreak dioenez, berak koordinatutako ikertaldeak ondorioztatu du biodibertsitate eta klima krisiak gizarte gisa eta gizabanako gisa daukagun balio krisiaren agerpena dela.

Balio krisi hori naturaren balioen arteko desorekak eragina da; hau da, diruarekin lotutako balio instrumentala gailentzearen ondorio, beste balioen kaltetan. Begien bistakoa da balio instrumentalaren alderdi material eta indibidualistak gailendu direla, eta begien bistakoa, horrek natura eta, beraz, gizateria arriskuan jarri dituela. Sarritan, zientzia gurtu egiten da -esaterako, indarreko egitura sozioekonomikoen zerbitzuko denean-, baina haiekin talka egiten duenean, ez ikusia egiten zaio. Eta erabaki politikoek ikuspegi makur horri, balio horiei men egin ohi diete, zientziak behin eta berriz, gero eta modu kezkagarriagoan, norabide okerraz ohartarazten duen arren. Pascualek koordinatutako taldearen lanak, ordea, nolabaiteko bide orria ere eskaintzen du: politika arduratsuak eta balio sozialen inguruko hausnarketa. Eta neurri zehatzak, hala nola naturaren balio guztiak aitortu eta horiek arlo guztietan hartzen diren erabakietan txertatzea; politikak eta instituzio esparruak erreformatzea -txostena eskatu zuten 139 estatuek onartu egin zituzten haren emaitzak; beraz, haien erantzukizuna are nabarmenagoa da-. Horiekin batera, arau eta ohitura sozialak aldatzea ezinbestekoa da, eta hori gizabanako guztioi dagokigun ardura da.

Aurrerabidea, garapena, ongizatea… hazkunde ekonomikoari lotzen zaizkion hitzak dira, birformulatu beharreko kontzeptuak. Hazkunde ekonomikoa bizia bera arriskuan jartzen ari da. Eta arazoa ez da zer egin ez jakitea; izan ere, jakina da egin behar dena egiten denaren guztiz desberdina dela.