Martxelo DIAZ
IRUÑEA
INBESTIDURA BILKURA NAFARROAN

Nafarroan fase politiko berri bat hasi behar dela nabarmendu du EH Bilduk

Eskuinari ateak ixteko bide bat da Chiviteren inbestidura. «Baina ez da nahikoa eta aurrera egin behar da, Nafarroan fase politiko berri bat hasiz», adierazi zuen EH Bilduren eleduna den Laura Aznalek. Abiatu berri den legegintzaldia ez dela aurrekoa bezalakoa ohar egin zuen.

Laura Aznalen atzoko hitzartzeko irudia, Nafarroako Parlamentuan.
Laura Aznalen atzoko hitzartzeko irudia, Nafarroako Parlamentuan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Legegintzaldi honetan aurrera egin behar dela nabarmendu zuen EH Bilduren eledun Laura Aznalek, Nafarroan fase politiko berri bat hasi behar delako. Hori gaztigatu zuen atzo, Maria Chiviteren inbestidura saioan, Parlamentuan.

Akordio programatikoan gabezia ugari ikusi dituztela esan zuen. Hori dela eta, aurrera egiteko EH Bilduk motorra martxan jarri behar duela adierazi zuen Aznalek.

Horrela, aurrera egiteko, eskuinarekin loturak apurtzeko garaia dela ohartarazi zuen Aznalek. Gainera, duela bi hilabete udaletan gertatutakoa aurpegira bota zion PSNri. «Ez zineten ausartak izan. Ez zenuten aski adorerik izan», esan zien, une hauetan udaletan eskuinak agintzen ez jarraitzeko gehiengo aurrerakoi nahikoa eta herritarren eskaera egon badaudela adierazi aurretik.

UPNren aldetik jasotzen dituzten irainek bide onetik doazen froga direla erantsi zuen. Berri Txarrak musika taldearen kanta moldatuz, «gure berri onak zuen berri txarrak dira eta gure ametsak zuen amesgaiztoak dira» bota zuen.

Azken bi hauteskundeetan herritarrek zer nahi duten argi hitz egin dutela aipatu zuen Aznalek. «Ezkerretik eta antifaxismotik eraiki nahi dute etorkizuna. Eta EH Bildu horretan ezinbestekoa dela esan dute, indar handiagoarekin». Izan ere, EH Bildu Nafarroan eta Hego Euskal Herriko udaletan lehen indarra eta Nafarroako Parlamentuan hirugarrena dela gogoratu zuen.

«Esaten duguna egiten dugu. Kilometro Zeroko ezkerra gara eta neoliberalismoari aurre egiteko aliantzak egiten ditugu. Feministak gara, berdintasuna eta diskriminazio eza nahi dugu. Euskaltzaleak gara eta euskaraz bizi nahi dugu. Abertzaleak gara, hemen dena erabaki nahi dugulako, mugarik gabe. Errepublikazaleak, eskubide berdinak dituzten pertsonen errepublika aldarrikatzen dugulako». Horrela laburbildu zuen Aznalek EH Bilduren proiektua, «epe motzetik eta begirada laburretik harago doan proiektua» dela gaineratuz.

Hori dela eta, akordio programatikoa lortzeko negoziazioak kritikatu zituen. «Mozorrorik gabe, aulkiak lortzeko gerra izan da», esan zuen.

Horren aurrean, Chiviteren inbestidurari abstentzioaren bidez ahalbidetzea «erantzukizunarengatik» egiten dutela adierazi zuen. «Ez diogu eskuinari itzultzeko aukerarik emango. Inboluzioaren blokea prest da, eraiki duguna desegiteko prest. Horri aurre egitea denon ardura da». Ildo horretan, behar izanez gero, Chiviteren aldeko botoa emateko prest zeudela esan zutela gogoratu zuen. «Muserako ondo daude hordagoak, baina gehiago dugu jokoan Nafarroan», adierazi zuen.

«LEGEGINTZALDI HAU EZ DA AURREKOA BEZALAKOA IZANEN»

Abiatu berri den legegintzaldia aurrekoa bezalakoa ezin daitekeela izan nabarmendu zuen Aznalek. Eskuinari ateak hirugarren aldiz ixtea ezinbestekoa dela ohar egin zuen, «baina ez da nahikoa».

Aurrera egiteko bide horretan, euskara Nafarroako hizkuntza propioa bezala behar duen errekonozimendua eta zonifikazioarekin amaitu behar dela eskatu zuen EH Bilduren eledunak.

Honekin batera, Nafarroak burujabetza behar duela azpimarratu zuen: «XXI. mendean foruen izena erabakitzeko eskubidea da. Nafarroako jendartea heldua da eta Estatuarekin eta Euskal Herriko beste lurraldeekin zein motatako harremana izan nahi duen erabakitzeko eskubidea du».

Beharrezkoak diren funtsak lortzeko erreforma fiskala, Osasun arloko legea eta Mapa Lokalaren garapena aurreko legegintzaldian lortu ez ziren helburuak direla ere gogoratu zuen Aznalek. Horrenbestez, datozen lau urteotan horiei heldu behar zaiela esan zuen.

Lehen aldiz Nafarroako Parlamentuan den Voxentzat ere hitz batzuk izan zituen Aznalek, indarkeria matxistaren ondorioz emakumeak hiltzen dituzten kontzentrazioetan talde honek mezu negazionistak paratzea onartezina dela aditzera emanez.