GARA
DONOSTIA

EHU nabarmen jaitsi da unibertsitate onenen Shanghaiko zerrendan

Hiru urtez jarraian munduko puntako 400 unibertsitateen artean kokatu ondoren, 400 eta 500 onenen tartera egin du behera Euskal Herriko Unibertsitateak nazioarteko sailkapen esanguratsuenean, ARWU Academic Ranking of Word Universities izenekoan. Nafarroako Unibertsitate Publikoa ez da lehenbiziko 1.000 campusen artean ageri.

EHU 2012an sartu zen munduko 500 unibertsitate onenen talde entzutetsuan. 2020tik 2022ra, puntako 400en artean egon zen.
EHU 2012an sartu zen munduko 500 unibertsitate onenen talde entzutetsuan. 2020tik 2022ra, puntako 400en artean egon zen. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitatea nabarmen jaitsi da Shanghaiko rankingean; 2022an munduko 301 eta 400 unibertsitate onenen artean ageri zen; aurten, aldiz, 401 eta 500 hoberenen artean dago. Nafarroako Unibertsitatea toki berean jarri dute, 501 eta 600 prestigiotsuenean artean. Zerrendan sartzen den estatuko zentro pribatu bakarra da. Nafarroako Unibertsitate Publikoa, ordea, ez da puntako 1.000 campusen artean azaltzen.

EHU hiru urtez segidan kokatu izan da nazioarteko sailkapenik garrantzitsueneko, ARWU Academic Ranking of World Universities izeneko zerrendako, “top 400”-ean. Baina atzera egin du orain, Estatu espainolean, oro har, unibertsitate guztiek egin duten bezala.

Estatu espainoleko bederatzi zentro kokatu dira 500 onenen artean, baina bakar batek ere ez du lortu lehenengo ehunetan sartzea. Emaitzarik onenak Bartzelonako Unibertsitateak eta Granadakoak eskuratu dituzte; 201 eta 300 campus baloratuenen artean ageri dira biak. Baina Kataluniakoak behera egin du -iaz puntako 151 eta 200en artean zegoen-, eta Andaluziakoak, bi postu gora.

Estatu frantsesak, Suitzak eta Alemaniak launa campus dituzte zerrendako lehen ehunen tontorrean. Britainia Handiak zortzi ditu, eta Herbehereek eta Suediak, hiruna.

ERREKTOREAREN APUSTUA

Iragan otsailean, Eva Ferreira EHUko errektoreak 2030ean Shanghaiko zerrendan 300 onenen artean kokatzeko apustua egin dutela azaldu zuen prentsaurrekoan. Orduan lehenengo 400en artean zegoen. «Nahiz eta erritmo onean hazten ari garen posizioa hobetzeko, erritmo biziagoan hazi behar dugu. Honek bultzada handia ematen dio bikaintasuneko unibertsitate ikerketari», adierazi zuen.

2022an Euskal Herriko Unibertsitatea 150 onenen artean kokatu zen hiru diziplinatan: Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa, eta Kimika. Gainera, 200 onenen artean ageri zen beste lau diziplinatan: Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, Nanozientzia eta Nanoteknologia, eta Matematika.

HARVARD, BERRIZ ERE

Nazioartean, AEBetako Harvardeko Unibertsitatea ageri da zerrendako lehenbiziko postuan, 21. urtez jada. Standford eta Massachusetts Teknologia Institutua daude bigarren eta hirugarren lekuan, hurrenez hurren. Ipar amerikarrak biak.

Jarraian datoz Cambridge britainiarra, eta Berkeley eta Princeton estatubatuarrak, Oxford britainiarra, Columbia, Kaliforniako Teknologia Institutua eta Chicagoko Unibertsitatea.

Shanghaiko zerrenda hau 2003tik argitaratzen du Jiao Tong Unibertsitateak. Izen bereko hiri txinatarrean kokatua dago eta urtero eguneratzen du. Campusak banan-banan sailkatzen dituzte ehunera ailegatu arte, eta hortik aitzinera blokeka antolatzen dituzte.

Aldizkari zientifikoetan, bereziki “Nature” eta “Science”-n, plazaratutako artikulu kopurua, erakundeak duen tamainaren araberako errendimendua eta bertan ikasitakoek edota bertan klasea ematen ari direnek lortutako Nobel Sari kopurua kontuan hartzen dituzte sailkapena osatzeko, besteak beste.

Zerrendak 500 unibertsitate onenak biltzen ditu, goi hezkuntzako 1.500 erakunde nagusiak aztertu ondoren, 20.000 unibertsitatek baino gehiagok osatutako multzo batetik abiatuta.

EHU 2012an sartu zen 500 unibertsitate onenen taldean, eta 2020tik 2022ra 400 onenen artean egon zen.