IKER GURRUTXAGA
MUSIKHARIA
Entrevue
Tomas lizarazu
Bulego taldeko abeslaria

«Publikoaren aurrean gertatzen denetik harago badaude une ederrak»

2020an agertu zen eszenara Bulego talde azkoitiarra, aurretik Passepartout taldean aritu ziren kideez osatutako boskotea. Pop komertziala egiten dutela diote, eta horren inguruko estetika eta produktuak sortzen dabiltza etenik gabe. Argi ikusi dugu ‘‘Gure bizitzako lehen bira’’ disko-liburu eta dokumentalean. Gaur Donostian izango dira, eta asteburuan Zarautzen.

(Bárbara FERNÁNDEZ)

Egun on, zer moduz zaude?

Oso ondo. Bira berria hasi dugun honetan gogotsu nago, plazara joan, oholtzara igo eta publikoarekin konektatzeko. Hiru hilabetez-edo geldirik egon ginen, eta nork esango zigun duela bi urte faltan botako genuela hau guztia! Bi urte frenetiko izan dira. Gogotsu ginen, geldialdi honen ondoren, oholtzara itzultzeko.

Aipatu izan dugu pandemiak beste formatu batzuk eta probatzea ekarri izan duzuela. Joseba Razquinek, zuen managerrak, “Gure bizitzako lehen bira” dokumentalean aipatzen du areto eta gaztetxeak faltan bota dituzuela, baina horiek ere zapaldu dituzue.

Estatu espainolean, Galizian eta Herrialde Katalanetan ibili ginen halako bira bat egiten, eta ‘‘Nortasuna eta jarrera’’ kontzertu sorta prestatu genuen gero. Pandemian zinemetan, antzokietan... eserita eta maskarekin ibili ginen asko eta hortik plaza handietara salto egin genuen. Nahiko martzianoa izan zen. Gaztetxeen eta aretoen pausoa saltatu genuen; eta gu izatez hortik gatoz, beste proiektuekin areto txiki eta gune autogestionatuetan asko jo dugulako. Hortaz, Bulegorekin nahi genuen horren parte sentitu, horiek gabe euskal musika ez litzatekeelako ezer izango, eta, hori eskertzeaz batera, areto horietako berotasuna ere sentitu nahi genuen. Gaztetxeetan gauza oso berezia gertatzen da; teknikariarekin, afaria egin duenarekin edo gaztetxeko kideekin afaltzen duzu eta berotasun hori jasotzen duzu.

Oholtza handiek gauza ederrak badituzte, baina goxotasun hori galdu egiten da, ez dakizun toki bateko cateringa eta halakoak izaten direlako.

A zer nolako betekadak eman dituzuen batean eta bestean, gainera.

Ezjakintasuna genuen horren inguruan. Salto egiteak halako segurtasun falta bat sortzen zigun. Pop musika eta, gaizki eta azkar esanda, komertziala edo entzuteko erraza egiten dugu, batez ere irratietan hori entzuten delako gure kantuetatik, eta ez genekien gaztetxeko kontestu batean funtzionatuko ote zuen edo ez. Eta, egia esan, flipatzekoa izan zen: jendeak beso zabalik hartu gintuen. Bete egiten zen guztia. Orioko gaztetxekoarekin badut oroitzapen berezia, lehenengoa izan zelako eta gertu geneukalako; eta lehenengotik aretoa sarrerarik gabe geratzea, izan zen halako errekonozimendu bat.

Hala ere, egun gaztetxeak zabalduta daude proposamen gehienetara. Zuek, akaso, eraman duzue publiko bat, bestela hurbilduko ez zena. Eta gerturatze lana garrantzitsua da ekosistema mantentzeko.

Dudarik gabe. Baionako gaztetxeko kide batek gauza bera esan zigun. Emanaldiaren ondoren guregana etorri zen eta esan zigun beretzat oso polita izan zela gaztetxean bertan ohikoa ez zen jendea ikustea. Guk ez genuen ezer berezirik egin; bertara joan, jo eta kito. Hala eta guztiz, oso polita izan zen hori ikustea, gaztetxeak egiten duen lana eta hango giroa jende gehiagorentzat zabaltzea onuragarria delako denontzat.

Gakoa non dago? Lan egiteaz gainera, sinistean edo momentu egokia tokatzean?

Jendearengana iristearen edo arrakastaren inguruan faktore asko daude, eta kontrolaezina da. Atzera edo etorkizunera begira, interpreta daiteke zer gertatu den. Baina kontrolpean ez dauden gauzak daude tartean. Guk zer nahi genuen eta nora joan nahi genuen bagenekien eta lan asko egin dugu bide horretan.

Joseba Razquinekin eztabaidatu izan dut halako gauzez, nahiz eta egun gerturatu dugun ikuspegia. Josebak esaten zuen lana dela arrakastaren zati bat, baina nik esaten nion zortea ere hor dagoela. Pandemiak, esaterako, talde batzuei kalte handia egin die, En Tol Sarmiento kasu, bira hastear zela eta diskoa kaleratuta, dena bertan behera utzi behar izan zutelako. Akaso nahastuta nago, e! Baina horrela ikusten dut nik. Eta guri, berriz, ez dakit on egin zigun edota tortillari buelta ematen jakin genuen, egoera zail hori gure alde jartzeko. Gauzak etorri egiten dira, eta horregatik zaila egiten zait erantzun bat ematea. Gure filosofia da dena emango dugula eta guztiaren bila goazela, hau delako gogoko duguna. Hortaz, zorteak eta bizitzak uzten digun bitartean, hau egiten segituko dugu.

Esaten nuen momentua bera duzuelako alde, musikalki. Popak eta elektronikak plazak hartu ditu, eta mezu lurtar eta positiboek ere zabalkundea izan dute.

Gaur egun Euskal Herrian urrezko aro bat bizitzen ari garela uste dut. Musikaren arloan aurreiritzi asko egon dira Euskal Herrian. Gogorrak izan gara proposamen berriekin; gogorrak baino, agian itxi samarrak gauza berriak entzun eta bide berriak irekitzeko. Azken urte hauetakoa nolabaiteko eztanda bat izan da. Eta hori posible izan da gauden tokira iristeko, aurretik borrokan ibili izan diren taldeak badaudelako.

Bulegoren kasuan, popa egiten aitzindari bezala jarri izan gaituzte, baina errealitatetik oso urrun dago hori. Aurretik Itoiz, Ken Zazpi edo Bide Ertzean bezalako talderik ez balitz egon, ez ginatekeelako hemen egongo, eta haiei esker gaude gu hemen. Batzuek, akaso, garaiarekin ez dute zorte askorik izan, baina lan hori egin dutenei esker gaude orain halako ekosistema musikal eder baten aurrean.

Kantuetan konpromiso politiko edo sozialik akaso ez du askok ikusiko. Baina Hatortxu Rocken emandako diskurtsoa buruan dut.

Mezua ematea halako tokietan garrantzitsua dela uste dut. Bulegok jende askoren aurrean jotzeko aukera ematen du, eta publikoaren maitasuna eskuratzen duzu. Baina jende askoren aurrean jarri eta abestearen ardura ere badago. Nik sentitzen dut hori.

Publikoaren aurrean hitz egitean, oholtza bada aldarrikapenerako eta pentsatzen duguna beldurrik gabe esateko aterpea. Hatortxu bezalako guneek, musikatik harago eta ondo pasatzetik harago, aldarrikapenerako tartea ematen dute. Eta ez da derrigorrezkoa, baina guri gustatzen zaigu erabiltzea.

Taldekide aldaketak ikusi genituen bertan. Xabi Arrietak dokumentalean dio bizi estilo bat bihurtu dela Bulego, eta batzuek ezin izan dute hor segitu, Jontxu Axpek eta Itzi Beitiak, adibidez.

Oso pozik gaude taldekide berriekin. ‘‘Ge’’ Zestoako musikari aparta da, hamasei bat urte genituela ezagutu nuen kontzertu makarra batzuetan, eta ederra da gurekin izatea. Iban ere gurekin izango da teklak jotzen uda honetan, eta hori nabarmentzekoa da, sari polita guretzat. Baina atzean dago Igor, soinu teknikaria hasieratik, eta aipatu nahi nuke.

Horri gehitu behar zaio Joel Cresporen fitxaketa, argi teknikaria bera. Izal, Morgan, Arde Bogota edota Fuel Fandangoren argi diseinua eta teknika egin izan ditu; aspalditik dugu harremana berarekin eta elkarlanean ari gara. Berak egin du argi diseinu berria eta espaziontzi batean izango gara uda honetan. Apustu handiena hau izan da uda honetarako. Baina Pablo ere izango da backliner bezala, eta hamabi bat izango gara kontzertu bakoitzean, gu pribilegiatu sentiarazten gaituen lan talde potente bat.

Kontzertu aurreko unea ikusi dugu dokumentalean: entrenatzaile edo coach papera hartzen duzu. Mezua interesgarria da: disfrutatu, baina lanera gatoz; ez erotu eta disfrutatu, baina zentratu gaitezen.

Nire buruari esaten dizkiodan gauzak dira, kanpora ere esaten ditudanak, aurretik aipatu dugun ardura horrekin lotuta. Udal batek kontratatzen zaituenean, gaztetxe batek deitzen dizunean edo jendeak sarrera ordaintzen duenean, dena eman behar dugu jendeak goza dezan eta disfruta dezan, nahiz eta guk ere disfrutatzen dugun.

Batzuetan hori da diodana. Baina beste batzuetan bestelako mezu bat ere izan daiteke. Polita izaten da kontzertu aurretik elkartzeko momentu hori, eta hori ere erakutsi nahi genuen, publikoaren aurrean gertatzen denetik harago ere badaudelako une eder horiek guztiak.

Ederrak bai, baina une gogorrak ere izango ziren, batez ere behar bezala probatu ez eta halakoak gertatzen direlako, eta ardura hori areagotu egiten delako horietan.

Bereziki festibaletan dena nahiko eroa izaten da, baina ez daukagu kexatzeko tarte gehiegi ere. Egia da ez dela ondo pasatzen behar bezala probatu gabe jendaurrera zoazenean, baina oholtza batera goaz guk gehien nahi duguna egitera, musika egitera; hortaz, pribilegiatu batzuk gara eta hor zentratzen gara, ez gaude kexatzeko. Soinu proba txar bat egin denean, egun txar bat duzunean edo publikoa hotz dagoenean, hori buruan izan behar dugu. Gogoan dut Andoaingo gaztetxean bost lagunentzat jota gaudela, eta orain publikoa zain, jendea abesten, kantak ikasita eta abar ikustea sekulakoa da.

Birari amaiera Bilboko Kafe Antzokian emango diozue, urriaren bukaera.

Hasieratik izan da berezia. Gurea bezalako talde batentzat, hirugarren urtean gaudela, Kafe Antzokian behin izanda gaude; euskal kulturaren tenplu bat da guretzat, eta orduan hilabete batzuk eta gero sarrera denak saldu ziren. Oraingoan sarrerak saltzen jarri eta urriaren 20ko datako sarrerak azkar saldu ziren. Halakorik espero ez genuenez, bigarren data bat hartu genuen, urriaren 19rako; horretarako badaude oraindik sarrera batzuk. Nik uste berezia izango dela, eta ederra, bira hor bukatzea. Egunotan, abuztuaren 16an Donostian, 19an Zarautzen eta 20an Sitgesen izango gara.