GARA
MADRIL
LEGEGINTZALDI BERRIA

Junts eta CCren azken orduko botoek erabakiko dute Kongresuko Mahaia

PSOEk Francina Armengol aurkeztu zuen, gaur goizean osatuko den Kongresuko Mahaiko presidente kargurako. PPko Cuca Gamarra lehiatuko da harekin. Baina hautagaietako inork ez zuen, botazioaren bezperan, behar beste babes biltzea lortu. Sorpresarik ez baldin bada, azken erabakia Junts eta Coalicion Canariaren esku dago.

Pedro Sanchez, atzo, Francina Armengol aldamenean zuela.
Pedro Sanchez, atzo, Francina Armengol aldamenean zuela. (Alberto ORTEGA | EUROPA PRESS)

Estatu espainoleko legegintzaldi berriak gaur du bere lehenengo mugarria. Kongresuko Mahaiaren osaketa erabakiko dute, boto bidez, uztailaren 23ko hauteskundeetan aukeratuak izan ziren 350 diputatuek. Francina Armengol aurkeztu du PSOEk, alderdi subiranistei keinu bat eginez, eta Cuca Gamara PPk, bozketa irabazteko esperantza gutxiagorekin; JxCat-en abstentzioa eta Coalicion Canariaren aldeko botoa behar ditu, sorpresarik ez bada.

Gaurko bozketa garrantzitsua da: batetik, Kongresuko Mahaiaren funtzioak ez direlako ezdeusak, hura osatuko dutenek -lau presidenteorde eta lau idazkari- erabakiko baitituzte, adibidez, lege proposamenak izapidetzeko egutegiak -mahaian gehiengoa duenak, betiere araudiaren arabera, lege baten tramitazioa geldotu edo azkartu dezake-; bestetik, gaur gertatzen dena izan daitekeelako inbestidura saioko bozketaren aurrekaria.

U23ak bi bloke nagusien artean utzitako tarte estuak azken ordura arte negoziaziatzera eraman ditu alderdiak. Diskrezioz egin diren elkarrizketen erdigunean egon dira JxCat eta Coalicion Canaria (CC), bi indar hauek bazter utzita, blokeak berdinduta baileudeke bozketan: 171 boto PSOE-Sumarrentzat (EH Bildu, EAJ, ERC eta BNGren babesarekin) eta beste hainbeste PP-Voxentzat (UPNrekin).

Hala, Junts hautagaitza sozialistara erakartzeko zenbait keinu egin zituzten PSOEk eta Sumarrek. Sozialistek Francina Armengol proposatu zuten Mahaiko presidente izateko. Balearretako Generalitateko presidentea izandakoak Més indar subiranistarekin koalizioan gobernatu zuen zortzi urtez, eta katalan hiztuna da. Sumarrek, halaber, Gerardo Pisarello aurkeztu zuen mahaiko presidenteordeetako bat izateko, Catalunya en Comu-ko buruzagi garrantzitsua eta Ada Colau Bartzelonako alkate ohiaren gertukoa. Pisarello Kataluniako independentzia prozesuan auzipetutakoei amnistia ematearen alde agertu zen asteartean, idatzi baten bidez.

Horrez gain, jarduneko Gobernuko presidenteak, Pedro Sanchezek, EBko erakundeetan hizkuntza gutxituen erabilera sustatuko duela iragarri zuen. Neurriok eraginik izango ote duten gaur jakingo da, bozketaren bezperak ez baitzuen emaitzak aurreratzeko aukerarik eman.

PUIGDEMONT, MESFIDATI

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak argi utzi zuen atzo Junts-en botoa lortzeko «frogatu daitezkeen ekintzak» eskaini behar dizkiola Pedro Sanchezen taldeak, eta ez dela alderdi espainolez fio. «Kongresuko Mahaiaren negoziazioa, guretzat, ez da barruan karguak izateko, ezta inbestiduraren ingurukoa ere. Nazio gisa ezin dugu aurrera egin hitza betetzen ez duten horien promesen bidetik», ohartarazi zuen sare sozialetan Waterloon erbesteratuta dagoen politikariak.

Horrela, JxCat-ek azken momentura arte luzatu ditu negoziazioak: gaur, 8.00etan, Kongresuko saioa hasi baino bi ordu lehenago hartuko du azken erabakia: PSOEren aukera babestu edo abstenitu.

Junts abstenituz gero, erabakigarria izango da CCren botoa. Atzo arratsaldez bildu behar zuen talde honetako buruzagitzak, gaur emango duen botoa erabakitzeko, baina bilera atzeratu zuela jakin zuen GARAk. Eta ekuazio honetan bada hirugarren pieza bat ere: EAJk ez du konfirmatu Sanchezi aldeko botoa emango dion edo ez.