Zuriñe IGLESIAS SARASOLA

ARRAUN LAGUNAK-EK ESKURA DU LIGA; ORIOK, ALDIZ, EZINEZKOA EZ, BAINA ZAILA

Bihar eta etzi jokatuko dituzte Euskotren Ligako azken bi estropadak, eta Zarauzko bandera prestigiotsua egongo da jokoan. Sei puntuko aldea du Arraun Lagunak-ek Oriorekiko. Juan Mari Etxabe “Lugañene”-ko entrenatzaileak, eta Patxi Frances Oriokoak bat egin dute, esanez «zaila» dela ”mirotzek” ezustekoa ematea.

Goiko irudian, Orioko trainerua Getxoko estropadan lehiatzen; eta behekoan, Arraun Lagunak, Hondarribikoan
Goiko irudian, Orioko trainerua Getxoko estropadan lehiatzen; eta behekoan, Arraun Lagunak, Hondarribikoan (Aritz LOIOLA eta Gorka RUBIO | FOKU)

Asteburu honetan jokatuko dituzte Euskotren Ligako azken bi estropadak −bihar 17.25ean, eta etzi 11.20an−, eta sei puntuko aldea ateratzen dio Arraun Lagunak-ek Oriori. “Lugañene”-ri nahikoa zaio bi estropadetan hirugarren geratzea −ligan behin bakarrik egin dute hirugarren, gainerako guztietan aurretik geratu dira−. «Zaila» dela badaki Patxi Frances (Donostia, 1958) Orioko entrenatzaileak, «puntuak eta Arraun Lagunak nola dabilen ikusita». Bide beretik, Juan Mari Etxabe (Oiartzun, 1966) Arraun Lagunak-eko prestatzaileak adierazi du Oriok azken hitza eman ez duen arren, ez luketela «arazo handirik izan behar txapela eramateko»: «Zaila dute. Guk akatsak egin behar ditugu; asko, gainera. Gerta daiteke? Noski baietz». Hori horrela izanik ere, entrenatzaileak azpimarratu du «ondo bideratuta» dutela txapela, eta Zarauzko «banderaren bila» joango direla.

Orio, ligara begira baino, geratzen diren azken bi bandera prestigiotsuei begira jarri da, eta beste era batera helduko dio ligako azken asteburuari: «Zarauzko estropada oso erronka polita da. Kontxaren atzetik, balio handienetarikoa duen estropada da Orioko herrian, eta uste dut nahikoa erronka dela horren alde borrokatzeko», nabarmendu du Francesek. Horrez gain, entrenatzaileak adierazi du haien «bertsiorik onena» ematera joango direla: «Talde oso lehiakorra dut. Neskak gogo eta adore handiarekin daude. Zarauzko bandera irabazten badugu, eta gero Kontxakoa, oso garrantzitsua litzateke taldearentzat, liga erregular hau bost banderekin amaituko genukeelako».

Arraun Lagunak-ek jantzi zuen liderraren maillota ligako lehen estropadan, Coruñakoan. Etxaberen esanetan, «indartsu›› atera ziren Galiziatik, eta geroztik, ez dute maillota erantzi: «Zerbait ondo egin dugu. Ematen du Arraun Lagunak-ek zorteagatik irabazi duela, gauzak ez ditugula ondo egin, eta bat-batean orain jarri garela lider, eta ez da horrela. Arraun Lagunak lehen estropadan jarri zen lider, eta hor mantendu gara». “Lugañene”-k lau bandera astindu ditu −Oriok adina−, eta lehenak geratu ez direnetan, bigarren egin dute, estropada batean izan ezik. Ontzia erregularra izan den seinale: «Ez duzunean irabazteko aukerarik, onena da gainerakoengana hurbiltzea eta horri eustea. Lehiakortasun handia erakutsi dugu».

KONTXAN, «zorte pixka bat››

Donostiako traineruak ligari ezin hobeto ekin zion; ordea, Oriok ezin du gauza bera esan: Galiziako uretan laugarren egin zuten, bigarren txandatik arraun eginda, eta Arraun Lagunak-ek, Donostiarrak eta Tolosaldeak lehenengotik egin zuten. Estropada horrek markatu al dio Oriori liga? «Argi dago baietz. Ni ez naiz galtzailea, irabazlea baizik. Baina egia da asko markatu zigula», erantzun du Francesek. Prestatzaileari galdetu zaio ea erregularragoak izatea falta izan ote zaien liga irabazteko, eta irmoki adierazi du «ezetz, gertu egon» direla: «Lehiakorrak izan gara. Atera diguten alderik handiena 11 segundokoa izan da, Lekeition, eta guk hamahiru segundoko aldea atera genion Arrauni Getxon. Donostiarrari are gehiago atera dizkiogu. Beraz, denbora kontuan hartuta, gu izan gara erregularrenak. Beste kontu bat da puntuei dagokiena. Donostiarrari galdetu beharko zaio zergatik guk irabazi dugunean ez den tartean sartu, eta Arraunek irabazi duenean bai».

Oriorentzat errebantxa ona litzateke, liga irabazten ez badute, Kontxa bigarrenez jarraian astintzea. Francesek hori argi du: «Ni Kontxa zalea naiz. Orain alde zaharrera noa, amaren etxera eta familiakoek badakite zenbat Kontxa irabazi ditudan; zenbat liga, ordea, ez. Gainera, tradizioarengatik, bihotzarengatik, sentimenduengatik, eta zaharragoa naizelako [barreak], Kontxa asko maite dut». Zer behar da Kontxa bat irabazteko? Prestatzaileak nabarmendu du «zorte pixka bat» izan behar dela: «Posible da txanda bat egokitzea zure aurkari zuzenik gabe, haize gehiagorekin, gutxiagorekin... Horrek eragin handia du, eta gainera, traineruen artean hain alde gutxi egonda… baldintza horiek kanpoan utz zaitzakete».

Aurtengo Kontxa «detaile txikietan» egongo dela nabarmendu du Etxabek: «Ikusten da orain hiru talde gaudela oso segundo gutxira, eta detaile txikietan egongo da. Faboritoa nor den? Ez dago esaterik. Agian gu, gauzak ondo egin ditugulako, eta Orio bigarren, eta Donostiarra hirugarren. Arraun Lagunak-ek badu zer hobetu, eta haiek baino gorago egiteko gai gara. Prestakuntza horretara bideratuta dago, eta espero dut distira ikustea».