GARA
IRUÑEA
LEHENDAKARI BIGARRENEZ

Elkarrizketa sustatuko duela ziurtatu du Chivitek, berriz kargua hartzean

Nafarroaren izaera anitza errespetatzeko nahiari «elkarrizketa sustatzeko» konpromisoa lotu zion Maria Chivitek, lehendakari kargua hartzeko ekitaldian. Lehendakariak, baina baita Unai Hualde Legebiltzarreko presidenteak ere, onartu zuen gobernuak ez duela gehiengo politikorik ganberan, eta negoziatu egin beharko dutela, halabeharrez.

Maria Chivite, zin egiteko unean.
Maria Chivite, zin egiteko unean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Elkarrizketa sustatzeko» konpromisoa hartuta jaso zuen atzo, bigarrenez, Nafarroako lehendakari kargua Maria Chivitek. Kargu hartzeko ekitaldian nabarmendu zuen bere gobernuak eskubide sozialen arloan eta autogobernuan aurrera egiteko lan egingo duela, «Nafarroak jarraitu dezan izaten Espainian bizi kalitate onena duen lekua».

Nafarroaren izaera anitza goratu zuen Chivitek, eta azpimarratu zuen bizikidetzarik gabe ez dagoela oparotasunik.

Onartu zuen zuzentzen duen gobernuak ez duela gehiengo politikoa Legebiltzarrean; hala ere, aldarrikatu zuen «gehiengo soziala» baduela, eta segurtatu zuen «zentraltasunetik» gobernatuko duela aurrerantzean, «begirada inklusiboarekin».

Bere ustez, Nafarroako Gobernuak baditu oinarriak «konfiantza sortzeko» eta, aldi berean, «gizarte nafarraren aliatu modura, Nafarroa aurrerapenaren Espainiako aitzindari bilakatzeko».

Era berean, ziurtatu du bere exekutiboa «murru iraganezina» izango dela ultraeskuindarrentzat; zehazki, aipatu zuen, larrialdi klimatikoa eta genero indarkeria ukatzen dituztenentzat eta memoria historikoa erasotzen dutenentzat.

Chivitek berretsi zuenez, «Nafarroak positiboan egiten du aurrera», eta defendatu zuen aurrerapen hori bateratua izan behar dela, ez zatikatua, eta lurralde osora iritsi behar dela.

«Larrialdi demokratikoko egoera batean, ez dira murriztuko eskubide eta askatasunak, atzerapausorik ez da izango autogobernuan eta garapena sustatuko dugu», zin egin zuen. Alta, argitu zuen autogobernua Foru Hobekuntzaren Legean eta Konstituzio espainiarrean zehaztutakora doitu behar dela.

Gogoratu zuen Nafarroan lehendakari kargua errepikatuko duen lehenengo emakumea dela eta, aurreratu zuenez, Nafarroa berriro industrializatzeko lan mahai bat osatzea izango da legegintzaldi berrian abiatuko duen lehenengo lana.

AKORDIOA, GEHIENGORIK GABE

Unai Hualde Legebiltzarreko presidenteak Chiviteren bigarren gobernuaren izaera «aurrerakoi eta plurala» aldarrikatu zuen, esanez hori bera «gizartearen dibertsitatearen» isla dela.

Lehendakariak bezala, Hualdek ere elkarrizketaren garrantzia defendatu du, nahiz eta onartu duen ez dela erraza: «Ahalegina egitea eskatzen du, baina Nafarroaren onerako da eta gizartearen dibertsitatea islatzen laguntzen du».

Legebiltzarreko presidenteak gogoratu zuen PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin talde politikoek sinatutako programa akordioak ez duela behar besteko gehiengoa ganberan eta, horregatik, hiru alderdiek negoziatzen jarraitu beharko dutela aurrerantzean ere, «bide aurrerakoi eta pluralean sakonduko duen akordio bat lortzeko».

Zentzu horretan, ospatu du Legebiltzarrean izango dela elkarrizketa hori, eta agertu du ganbera honek irekita egon behar duela gizarte nafarr anitza osatzen duten agente guztientzat.

Hualderen hitzartzearen ostean, Yolanda Diaz (UPN) Legebiltzarreko idazkari nagusiak eta Mikel Zabaleta (EH Bildu) bigarren idazkariak Chivite lehendakari izendatzeko dekretua irakurri zuten.

CALVIÑO, URKULLU...

Maria Chiviteren kargu hartze ekitaldira gonbidatutako pertsonen artean zeuden Nadia Calviño presidenteorde espainiarra eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria. Bertan izan ziren, halaber, Adrian Barbon Asturiasko presidentea eta Emiliano Garcia-Page Castilla La Manchako presidentea; Chiviterekin batera, PSOEk Estatuan dituen presidente autonomiko bakarrak.

Calviñok agertu du Chiviteren berrautaketa «berri ona» dela. Esan du «egonkortasuna eta jarraitutasuna» funtsezkoak direla, «jadanik emaitzak erakusten ari den proiektu bat bururatzeko».

«Pasa den legegintzaldian Maria Chivitek zuzendutako gobernuak hazkundea eta enplegua bultzatu zuen, ekonomia berdea eta digitala sustatu zituen, eta arlo sozialean aurrera egitea lortu zuen», goratu zuen presidenteorde espainiarrak. «Europako atarian gerra bat dugun honetan, egoera konplexu honi aurre egiteko behar diren gaitasunak ditu», nabarmendu zuen.

Maria Chiviteren bigarren gobernua osatuko duten hamahiru kontseilariek gaur hartuko dute kargua.