Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
ARRAUNA

Arraun Lagunak-entzat, Zarauzko Ikurrina eta Euskotren Liga

Txapeldun baten eran amaitu du liga Arraun Lagunakek: aurrenekoz Zarauzko Ikurrina eraman eta liga bigarrenez irabazita. Donostiarra nagusitu da estropadan, eta hurbil egon da bandera lapurtzetik. Tolosaldea izan da hirugarrena, eta Orio laugarrena.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak, Euskotren Liga eta Zarauzko Ikurrina irabazi dutela ospatzen, atzo, Zarautzen.
Arraun Lagunak-eko arraunlariak, Euskotren Liga eta Zarauzko Ikurrina irabazi dutela ospatzen, atzo, Zarautzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arraun Lagunak-ek iazko mamu guztiak uxatu ditu eta Euskotren Liga bigarrenez irabazi du −2021ean lortu zuen lehena−. Juan Mari Etxabek zuzendutako taldea sendo aritu da denboraldi osoan zehar, eta aurkariei ez die tarterik utzi abantaila hartzeko. Bost bandera eraman dituzte, eta erregularrenak izan dira, zalantzarik gabe: lehenak egin ez dutenean, bigarren egin dutelako, estropada batean izan ezik. Oriok amaitu du ligan bigarren, eta Donostiarrak hirugarren. Erregulartasuna izan da gakoa, eta Zarauzko Ikurrinean ere, bi jardunaldikoa denez, erregularrenak irabazten du, eta ontzi erregularrena 'Lugañene' izan zen. Herenegun estropada irabazita, bideratuta utzi zuen bandera, eta atzo Oriorekiko sei segundoko eta Donostiarrarekiko zazpi segundoko aldeari eutsi behar zion. Eutsi, eutsi zion, baina ia-ia banderak ihes egin zion. Donostiarrak egin zuen lehena, eta bi segundora egon zen bandera lapurtzetik.

Ohorezko txandako ontziak honela atera ziren: Arraun Lagunak lehen kaletik, Orio bigarrenetik, Donostiarra hirugarrenetik eta Tolosaldea laugarrenetik. Etxabek ez zuen eskifaian aldaketarik egin, eta herenegungo talde berbera atera zuen. Patxi Frances Orioko entrenatzaileak, aldiz, kontrakoa egin zuen, sei aldaketa sartuta. Ondo doana ez ukitu, eta gaizki doana aldatu.

Traineruek oso parekatuta hasi zuten estropada. Tolosaldea izan ezik, atzerago geratu baitzen. Aurretik zihoazen denboraldi osoan lehia bizian aritu diren hiru traineruak: Donostiarra, Orio eta Arraun Lagunak. Lehen kolpea nork joko. Ziabogara iritsi aurretik, berdintasuna zen nagusi, hiru ontziak segundo bateren bueltan zihoazen. Hondarribiak lehen txandan egindako denbora bera markatu zuten hirurek. Andrea Astudillo Arraun Lagunakeko patroiak egin zuen ziabogarik seguruena, arriskurik hartu gabe. Nadeth Agirre Oriokoak eta Nerea Perez Donostiarrakoak, ordea, ausardiaz jokatu behar zutela jakitun, ziaboga itxiago hartu zuten eta ondo atera zitzaien, Arraun Lagunaken aurretik hasi baitzuten bigarren luzea.

DONOSTIARRA ESTUTZEN

Orduan hasi zen Donostiarra estutzen eta aldea handitzen. Poparean bizi-bizi etorri zen Rufo Urtizberearen taldea, eta, olatu bikainez baliatuta, urduri jarri zuen ligako txapelduna. Orio atzean geratzen hasi zen, banderaren lehiatik kanpo. Tolosaldeak eman zuen ezustekoa ohorezko txandan, bigarren luze oso azkarra eginda, eta laugarren kaletik, hiru oilarrekiko aldea murriztuta, lau segundora jartzeraino. Donostiako bi traineruen artean zegoen banderaren lehia, eta 'Lugañene'-k izerdiak bota behar izan zituen Zarauzko Ikurrina eskuratzeko. Perez maisuki ari zen olatuak hartzen, bata bestaren atzetik: olatu bat hartu, segundo bateko errenta handiagotu. Sei-zazpi segundo atzetik utzi zuen Arraun Lagunak.

Azken metroak falta ziren, eta zazpi segundoko aldea defendatu beharra Etxaberen taldeak. Ondo kudeatu zuen aldea Astudillok eta, azkenerako, bost segundo atera zizkion Donostiarrak. Helmuga zeharkatzean hartu zuen arnasa Arraun Lagunak-ek. Eta, arnasaren ondoren, poza. Poza eta amorrua. Iaz sufritutako guztia bota zuten estropada amaieran, eta pozez ospatu zituzten Zarauzko Ikurrina eta Euskotren Liga. Tolosaldeak egin zuen hirugarren, Oriori aurrea hartuta. Ramon Erostarberen taldeak liga hasi zuen moduan amaitu zuen: hirugarren postu horretan mokoa sartu nahian. Ligan laugarren geratu dira.