GARA
IRUÑEA
OSASUNA

Arrasatek aldaketa asko egingo ditu Mestallan

Osasunak Valentzian jokatuko du gaur (19.30ean) ligako hirugarren jardunaldiko partida. Vigon, estreinako norgehiagokan, garaipen ederra erdietsi ostean, euskal derbian zein Conference Leagueko joanekoan galdu egin zuten gorritxoek. Mestallan erreakzioa bilatuko du Arrasateren taldeak eta horretarako aldaketa asko iragarri ditu Osasunako entrenatzaileak.

«Ligara itzuliko gara. Erreakzionatu egin behar dugu», adierazi zuen atzo berriatuarrak, «aldaketek» on egin dezaketela sinetsita.

«Vigon dena zen oso polita, eta orain bi porrot jaso ditugu etxean eta ikuspuntua erabat aldatzen da. Futbolak duen gauza ona da hiru egunetik behin zeure burua berriz aldarrikatzeko aukera duzula», jarraitu zuen.

Valentziaren indargune batzuk ere azpimarratu zituen Arrasatek: «Gosea erakutsi dute, korrika egiten dutela, oso bertikalak direla, sakonak direla... eta gaztetxo horiengan konfiantza duen entrenatzaile bat dute».

Barajak entrenatutako taldeak, gainera, jokatu dituen ligako bi partidak irabazi ditu (1-2 Sevillaren aurka eta 1-0 Las Palmasen kontra) eta hirugarrena lortu nahiko du Osasunaren aurka. Marcos Andre eta Comerten irteerak ixten ari da klub valentziarra, bai eta Castillejori talde bat bilatzen ere. Gainontzean, Alberto Mari da Mestallakoen baja bakarra.