Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURFA

Teresa Bonvalot eta Tiago Carrique, Angeluko QS lehiaketako txapeldunak

Europako QS itzuliko hirugarren txapelketa Euskal Herrian jokatu da asteburuan, Lapurdiko Angelu hondartzan, eta irabazleak Teresa Bonvalot eta Tiago Carrique izan dira. Olatu oso txikiak izan arren, maila handia erakutsi zuten lehiakideek.

Nadia Erostarbe.
Nadia Erostarbe. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

 

Teresa Bonvalot portugaldarra eta Tiago Carrique frantsesa nagusitu ziren urtero Angelun egiten den QS mailako txapelketa ospetsuan. Lehen egunetan olatu txiki baina politak izan ziren, gero txapelketa bertan behera utzi behar izan zuten olaturik ez zelako, eta azkenean igande goizean amaitu zen txapelketa, metro bateko olatu narrasekin. Baldintzak eskasak izan arren, surflariek sekulako maila erakutsi zuten eta lehia gogorra izan zen.

Guztira 128 mutil eta 64 neska lehiatu ziren Angelun; ondorioz, txanda asko egin behar izan ziren. Mutilen kategorian, Kai Odriozola donostiarra izan zen emaitza hoberena eskuratu zuen euskal ordezkaria, final-laurdenetara iritsi baitzen. Nesken kategorian, ordea, hiru neska iritsi ziren final-laurdenetara; Juliette Lacome biarriztarra, Ariane Ochoa bilbotarra eta Nadia Erostarbe zarauztarra, baina soilik Erostarbek lortu zuen txanda gainditu eta finalerdietara pasatzea.

Rankingean aldaketa esanguratsuak izan dira, baina oraindik beste bi txapelketa garrantzitsu falta dira Europako QS itzulia amaitzeko. Horren ostean jakin ahal izango da datorren urtean Challenger Series (CS) mailara igotzeko europarrei dagozkien 13 postuak nortzuek eskuratuko dituzten.

HIRU TXAPELKETA

Abuztua QS mailako txapelketen hilabetea izan da Europan eta euskal ordezkaritza orain arte bikain aritu dela esan daiteke. Europako QS itzuliko aurtengo denboraldiko lehen lehiaketa Fristral hondartzan egin zuten, Ingalaterrako hego-mendebaldean, eta mutilen kategorian Kai Odriozola donostiarra nagusitu zen. Bigarren txapelketa Lacanau hondartzan izan zen, Frantzia mendebaldean, eta nesken kategorian Nadia Erostarbe zarauztarra nagusitu zen.

Hirugarren txapelketa iragan astean burutu zen Euskal Herrian, Angeluko hondartzetan eta balio hirukoitza zuen; hau da, itzuliko lehen bi txapelketek 1.000 puntuko balioa zuten, baina Angeluko irabazleek 3.000 puntu eskuratu zituzten. Horrek esan nahi du Fistralen edo Lacanaun lehen postua eskuratu zuten lehiakideek baino puntu gehiago eskuratu zituztela Angelun final-laurdenetara iritsi ziren lehiakideek.

Adibidez, Nadia Erostarbek 1.000 puntu irabazi zituen Lacanaun lehen postuan geratu ostean, baina Angelun hirugarren postuan geratu arren 1.825 puntu bildu zituen.

Angelun txapela irabazi zuen Teresa Bonvalot portugaldarrak kaleratu zuen finalerdietan Erostarbe, baina oso alde txikiagatik irabazi zuen, 0,47 puntuko aldea baino ez zion atera portugaldarrak zarauztarrari.

Nesken finalean bi portugaldar izan ziren buruz buru lehian Angelun, Teresa Bonvalot eta Yolanda Hopkins, baina azkenean Bonvalot nagusitu zen. Horrela, Lapurdin lortutako emaitzei esker lehen bi postuetara igo dira bi surflari portugaldarrak. Egun Hopkins da rankingeko buru eta bigarren postuan Bonvalot dago. Jarraian, Nadia Erostarbe zarauztarra hirugarren postura igo da eta Ariane Otsoa bilbotarra, ostera, seigarren postuan da.

Mutilen finalean, aldiz, bi ordezkari frantses izan ziren lehian, Kauli Vaast polinesiarra eta Costa Rican jaio eta hazi zen arren egun Frantzian bizi den Tiago Carrique. Gauzak horrela, Angeluko garaipenaren ostean Tiago Carrique dago mutilen QS rankingeko lehen postuan. Bigarren postuan, berriz, Kai Odriozola dago. Surflari donostiarraren atzetik mutilen rankingean postu hoberenean diren hurrengo bi euskal ordezkariak Bitor Garitaonandia debarra eta Ruben Vitoria zarauztarra dira, hamaseigarren eta hamazazpigarren postuan daude, hurrenez hurren.

 

QS MAILAREN EZAUGARRIAK

Munduko zazpi eskualdetan (Europa, Afrika, Asia, Australia/Ozeania, Hawaii/Tahiti Nui, Ipar Amerika eta Hego Amerika) izaera propioa duten itzuliak egiten dira eta denboraldiaren amaieran ranking bakoitzeko lehen sailkatuek hurrengo urtean Challenger Series itzulian lehiatzeko plaza eskuratzen dute.

Eskualde bakoitzari plaza kopuru zehatz bat dagokio; alegia, ez da denetan kopuru bera izaten, zeren eskualde batzuk besteak baino handiagoak dira edo surflari gehiago dituzte. Horrela, Europako itzulian rankingeko lehen lau neskak eta zazpi mutilak sailkatzen dira CS mailara eta horretarako lehiakide bakoitzaren lau emaitza hoberenak hartzen dira kontuan. Horrez gain, kategoria bakoitzean gonbidapen wildcard bat ere banatzen du WSL erakundeak rankingean behar bezalako postua eskuratu ez duten bi lehiakideri mailaz igotzen laguntzeko. Ondorioz, guztira 13 plaza banatzen dira Europan CS mailara igotzeko.

Angelukoaren ostean oraindik beste bi txapelketa falta dira Europako QS itzulia amaitzeko eta biak, Angelukoa bezala, 3.000 puntukoak izango dira; beraz, oso garrantzitsuak izango dira. Abuztuaren 29tik irailaren 3ra bitartean Galizian izango dira QSko lehiakideak, Pantin hondartza famatuan, eta, horren ostean, irailaren 6tik 10era bitartean Portugalen lehiatuko dira, San Cruzeko kostaldean.