Surflari Ernegatua

Tranpetan ari haiz

Une egokian eta leku egokian jaio omen zirelako izendatu zuten AEBetako belaunaldi hura “Momentum Generation” goitizenarekin. Oso gaztetatik lagunak ziren haietako batzuk eta orokorrean guztiek ezagutzen zuten elkar, Hawaiikoak, Floridakoak edo Kaliforniakoak izan, elkarren kontra lehiatzen baitziren. Kelly Slater eta Rob Machado dira 90eko belaunaldi hartako ordezkari ezagunenak, baina dozena bat ziren eta sasoi hartan guztiak ziren oso famatuak.

Oso erradikalak ziren olatu gainean eta, haietako batzuk baita lehorrean ere. Skate munduko ariketak eta jarrera antzezten hasi ziren, skatea «bad boy» edo «mutiko gaiztoen kirola» zenean. Haien janzkerak, surf egiteko moduak eta agertzen zuten jokabideak ordura arteko irudiarekin talka egiten zuen eta, hain zuzen ere, horregatik zen erakargarria mundu osoko milaka surflari gazterentzat. Urte asko pasa dira eta, batzuek oraindik surf munduan jarraitzen duten arren, beste hainbat bidean galdu ziren, batzuk zendu egin ziren eta beste batzuek bestelako bideak hartu zituzten.

“Fokus” izeneko filma 1994an argitaratu zen eta han agertzen ziren Todd Prestage, Donavon Frankenreiten, Dan Malloy eta Conan Hayes. Egun 48 urte dituen azken surflari honen berri azken egunetan izan dugu; izan ere, Donald Trumpen aurkako epaiketan bere laguntzaile gisa agertu da. Hau da, 90eko hamarkadan surflari profesionala zen hawaiiar erradikal hura Donal Trumpekin batera epaitzen ari dira.

AEBetako hainbat estatutako hauteskunde sisteman sartu eta datu konfidentzialak lapurtzea egozten diote. Bere delituaren lehen arrastoak Alabamako Coffe konderriko administrazio bulegoetan utzi omen zituen. Nire ingeles maila mugatua denez, ez naiz gai ongi ulertzeko Donald Trumpen konplotean Hayesek nolako parte hartzea izan zuen, baina akusatu nagusien artean da, eta, albiste hau irakurtzen dudan bitartean, behin eta berriz datorkit esaldi xelebre bat burura: «Hayes, tranpetan ai haiz!». Alegia, Hayes, tranpetan ari haiz!