Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
ARRAUNA

Aurreko postuak kasik finkatuta, eta atzekoetan, sari handia nork lortuko

Bihar gizonezkoen traineruen txanda izango da. 18.00etan emango diote hasiera erlojupekoari, bi taldetan banatuta. Ezustekorik ezean, litekeena da Urdaibai, Hondarribia, Zierbena, Orio eta Getaria sailkatzea. Bereziki, azken bi postuetan egongo da lehia.

Kaikuko trainerua, ahalegin betean, aurtengo Zarauzko Ikurrinako estropadan.
Kaikuko trainerua, ahalegin betean, aurtengo Zarauzko Ikurrinako estropadan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kontxako Banderako bi igandeetan arraun egiteko, aurretik lan egin beharra dago saria lortzeko. Zazpi trainerurentzat bakarrik baitago lekua −Donostiarrarekin, zortzi ontzi lehiatuko dira, zuzeneko pasea baitu−. Traineru batzuek, beste batzuek baino lantegi zailagoa izango dute. Ezustekorik ezean, Urdaibaik, Hondarribiak, Zierbenak, Oriok eta Getariak ez lukete arazo handirik izan behar sailkatzea lortzeko. Hori bai, ezingo dira erlaxatu. Are gehiago, kontuan hartuta iaz Bermeo segundo gutxi batzuengatik kasik Kontxatik kanpo geratu zela. Aurten gutxi izango dute gordetzeko ontzi indartsuenek.

Seigarren eta zazpigarren postuetan aulki joko handia dago, eta aukerak asko zabaltzen dira. Hor egon daitezke Cabo, Santurtzi, Ondarroa, Lekittarra, Kaiku... Izen asko, bi leku bakarrik daudenean. Zunbeltz Perez (Santurtzi, 1994) Kaikuko arraunlariak goian aipatutako traineruak ikusten ditu seigarren eta zazpigarren postuen lehian, eta horietatik Cabo ikusten du faboritoena. Betiere, itsasoa lasai badago: «Itsasoa bare badago, ziur aski erraz sartuko dira. Azken estropadan, Getariakoan, ordea, azkenak egin zuten itsaso zakarrarekin. Itsasoa txarto badago, segur aski gurekin egongo dira».

Mikel Txintxurreta (Pasai San Pedro, 1998), San Pedroko arraunlariak, Eusko Label ligako lehen txandako denak ikusten ditu seigarren eta zazpigarren posturako borrokan. «Ondarroa, Kaiku... Getaria nahiko barruan ikusten dut, baina Santurtzik estropada borobila egiten badu, baita haiek ere». Bide beretik, Osertz Alday (Hondarribia, 1976) Lekittarrako arraunlari eta entrenatzaileak nabarmendu du talde «mordotxoa» direla bi postu horietan lehiatzeko. Eusko Label ligako lehen bostak finkoak dira, haren ustetan; gero, Cabo, Getaria eta haiek, Isuntza, daude, eta gero atzekoak. Ares Galiziatik nola datorren ere «ikusi beharko» dela azpimarratu du, baita KAE 1ean aurrean ibili direnak ere: «Ikusi beharko da nork asmatzen duen ondoen egun berezi honetan».

EZUSTEKOA EMATEKO

Hiru arraunlariek begiratu dituzte aste osoan zehar biharko baldintza meteorologikoak. Metro bat baino gehiagoko olatuak aurreikusita daude eta haizea 11 kilometro orduko abiaduran. «Guretzat hori ona da, baina gero bihar joaten zara eta itsaso horrekin azken postuan amaitzen duzu», adierazi du tentuz Kaikukoak. «Nahiko kondizio onak» dira, San Pedrokoaren hitzetan, eta lehia «estutu» egiten du: «Poparean olatuak aprobetxatu behar ditugu, nahiko ondo moldatzen garelako».

Aldayren ustetan, horrelako baldintzak aproposak dira ezustekoak emateko, eta Isuntza ondo moldatu da halakoetan, haien ingurune naturala horrelakoa delako: «Pixka bat mugitua egoteak ezustekoa emateko laguntzen du, eta espero dut positiboa izatea». Isuntzak bitan lortu du Kontxarako sailkatzea, 1986an eta 1999an. «Azken urteetan gertu egon gara, baina ez dugu lortu, eta presio hori gure kalterako izan daiteke. Taldeak konfiantza du, gauzak ondo egiten baditugu badakigu azkar ibiltzeko gaitasuna dugula», nabarmendu du Aldayk.

Kaikuk, ordea, iaz lortu zuen sailkatzea, eta Perezek adierazi du helburua Kontxan sartzea dela: «Jendea ilusioarekin eta indarrarekin atera zen Getariako estropadatik. Laugarren postuan amaitzea, eta segidan Kontxako sailkapena jokatzea, motibazioa handia da». San Pedrok izango du zailena, eta horretaz jakitun da Txintxurreta. Hala ere, «animoso eta indartsu» daude, ikusten dutelako aukeraren bat badagoela, «oso zaila» izan arren. «Esperantza ez da inoiz galtzen». 2018an lortu zuen San Pedrok azkenekoz sailkatzea. Azken urte hauetan sailkapena «nahiko garesti» dagoela esan du San Pedroko arraunlariak.