GARA
SANTIAGO
TXILEKO AUZITEGI GORENAREN BEHIN BETIKO EPAIA

Victor Jara hil zuten zazpi militar ohien kondena berretsi du Gorenak

Victor Jararen bahiketaren eta hilketaren inguruko behin betiko epaia eman du Txileko Auzitegi Gorenak, aho batez. Zazpi militar ohiri 25 urteko zigorra ezarri die. Horietako batek, baina, ez du espetxerik zapalduko: erabakia ezagutu eta gutxira, bere buruaz beste egin zuen. Abeslari eta militantea 1973ko irailaren 12an atxilotu zuten, Pinocheten Estatu kolpearen biharamunean.

Victor Jararen irudiari eusten diote txiletarrek, 2009an Santiagon egindako manifestazio batean.
Victor Jararen irudiari eusten diote txiletarrek, 2009an Santiagon egindako manifestazio batean. (Claudio SANTANA | AFP)

Txileko Auzitegi Gorenak Victor Jara kantautore eta militante politikoaren bahiketaren eta hilketaren inguruko behin betiko epaia eman zuen astelehenean. Zazpi militar ohiren kontrako 25 urteko kartzela zigorra berretsi zuten epaileek, aho batez. Augusto Pinocheten 1973ko irailaren 11ko Estatu kolpearen 50. urteurrena iristeko bi asteren faltan iritsi da Gorenaren behin betiko erabakia, Jararen eta Littre Quiroga Carvajal espetxe zuzendariaren hilketen ingurukoa.

Kondenak izan zezakeen edozein akats baztertu dute epaileek, eta alde batera utzi dituzte akusatuen defentsak 2021ean aurkeztutako argudioak, erakunde judizialaren oharrean jasotzen denez.

KONDENATUAK... ETA SUIZIDIOA

Raul Jofre Gonzalez, Edwin Dimter Bianchi, Nelson Haase Mazzei, Ernesto Bethke Wulf, Juan Jara Quintana eta Hernan Chacon Soto dira kondenatutako zazpi militar ohiak. Hilketarengatik hamabosna urte eta egun bat eman beharko dituzte espetxean. Beste hamar urte eta egun bateko zigorra jaso dute bahiketarengatik.

Rolando Melo Silvak, gainera, bost urte eta egun bateko kondena bete beharko du hilketa estali izanagatik, eta hiru urte eta egun bat bahiketa ezkutatzeagatik.

Hernan Chacon Soto Armadako brigadierrak ez du beteko zigorrik, bere buruaz beste egin baitzuen atzo bertan. Poliziak zerraldo topatu zuen Santiagoko bere etxean, atxilotu eta Puntateucoko espetxera eramatekotan zenean.

Bestalde, Altxor Publikoak eskatzaileetako bakoitzari diru bat ordaindu beharko dio. Littre Quiroga Carvajal espetxe zuzendariaren alargun eta seme-alabek 150 milioi peso txiletar jasoko dituzte (160.000 euro baino gehixeago). Anai-arrebek, aldiz, 80 milioi peso (86.400 euro). Jararen alargunak eta alabek 150 milioi peso hartuko dituzte.

TXILE ESTADIOAN TORTURATUA

Pinochet buru zela, Salvador Allende presidentearen aurkako Estatu kolpea jo zutenean, irailaren 11n, Victor Jara beste irakasle eta ikasle batzuekin batera atxilotu eta Txile Estadiora eraman zuten. Gaur egun haren izena darama tokiak. Han 5.000 lagun preso hartu zituzten. Txileko kantagintza berriaren erreferentea ordu luzez torturatu eta, azkenean, balaz josi zuten. Militante eta kantautorearen gorpua handik bost egunera, irailaren 16an topatu zuten, Metropoliko Hilerritik hurbil. Jara alderdi komunistako militantea zen, Allende presidente ohi sozialistaren Gobernuaren kolaboratzailea (1970-1973).

17 URTE ETA 40.000 BIKTIMA

2016. urtean, AEBetako epaitegi batek Pedro Barrientos militar ohi txiletarra jo zuen abeslariaren torturen eta exekuzio estrajudizialaren erruduntzat, abeslariaren familiak jarritako demanda zibil baten harira. Ondorioz, kalteak ordaintzera behartu zuten militar ohia.

Augusto Pinocheten diktadurak 1973tik 1990era iraun zuen, 17 urte, eta gutxienez 40.000 biktima utzi zituen: exekutatuak, atxilotuak eta desagertuak, preso politikoak eta torturatuak. Erregimenaren aurka egin zuten 3.200 lagun baino gehiago hil zituzten estatuko indarrek.

Victor Jararen bahiketa eta hilketa diktaduraren krimenen sinboloetako bat da. Justizia txiletarrak itxi behar zuen kasu garrantzitsuetako bat zen harena.