Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
KONTXAKO SAILKATZE ESTROPADA

Olatu handien artean distira egin du Zumaiak, Hondarribia atzean utzirik

Zumaiak erlojupekoan laugarren denborarik onena egin du, Hondarribia atzean lagata. 'Telmo Deun' traineruak itsaso eta haize zakarrei aurre egin die eta Kontxako Banderan sartu da, estropada bikaina eginik. Orio, Arraun Lagunak, eta Tolosaldea izan dira lehen hiru sailkatuak. Hibaika eta Kaiku ere sartu dira, eta kanpoan geratu dira Galiziako traineruak.

Zumaiako trainerua, atzo, Kontxako erlojupekoa amaituta, sailkapena ospatzen.
Zumaiako trainerua, atzo, Kontxako erlojupekoa amaituta, sailkapena ospatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Egun zaila izan zuten atzo arraunlariek Kontxako badian. Olatu handiak eta haize oso zakarra. Batez besteko 1,5 metroko olatuak. Santa Klarako uhartea pasatuta, kasik 2 metrokoak. Olatu handiak ez ezik, haize bolada handiak ere bazeuden, 35 kilometro orduko abiaduraz. Baldintza horietan distira gehien Zumaiak egin zuen, Orioren, Arraun Lagunak-en eta Tolosaldearen baimenarekin. 'Telmo Deun” ontziko arraunlariak pozez zoratzen zeuden, eta ez da gutxiagorako: Kontxarako sailkapena lortzeaz gain, laugarren denborarik onena egin zuten. Euskotren Ligako Hondarribiaren eta Hibaikaren aurretik geratuta.

ETE ligako txapeldunordeak gaitasuna baduela erakutsi zuen, eta erlojupeko bikaina osatu zuen: ziabogan, hiru faboritoen atzetik, laugarren denborarik onena markatu zuen, eta helmuga zeharkatzean ere, abantaila horri eutsi zion. Bidean Galiziako Cesantes eta Cabana-Ferrol traineruak ere aurreratu zituen. “Ama Guadalupekoak” egin zuen bosgarren, Hibaikak seigarren eta Kaikuk zazpigarren. Hala, euskal traineruen artean banatu zuten pastela, eta galiziarrek ez zuten mokadurik hartu. Txapela izan zen Galiziako lehen ontzia, Kontxarako sailkatzetik gertuen egon zen trainerua; Kaiku baino bost segundo geroago iritsi zen. Euskotren Ligako Cabo izan zen bederatzigarrena, eta Zarautz hamargarrena.

FABORITOAK, LASAI

Zozketa bidez erabaki zen faboritoen multzoak ekingo ziola aurretik estropadari, eta, gainera, ligan ohorezko txandan egon diren hiru traineruak irten ziren lehenak: Tolosaldea aurretik, Orio ondoren, eta Arraun Lagunak azkenik.

Ziabogan Oriok ezarri zuen markarik onena: 7.05; ‘Lugañene’ hamabi segundora eta Tolosaldea hamazazpira.

Brankaz bereak eta bi egin behar izan zituzten traineru guztiek. Ontziak zanbuluka ibili ziren. Hiru faboritoek haien estropada egin zuten; jakinda, Kontxara ez sailkatzeko hutsegite larriren bat egin behar zutela. Ez zen hala izan, eta bigarren luzean, poparean, presa handirik gabe eta lasaitasunez amaitu zuten estropada. Mirotzek izan zuten sustoren bat, Nadeth Agirre patroiari ontzia ia norabidez aldatu zitzaionean. Patxi Francesen hamalaukoa izan zen lehena, Juan Mari Etxaberena bigarrena, eta Ramon Erostarberena hirugarrena.

Hiru faboritoen atzetik lehia polita egon zen, Kontxara sailkatzeko beste lau txartelak nork lortuko. Hasiera batean ematen zuen Hondarribiak eskuratuko zuela laugarren tokia, ligan egin duen bezala, Tolosaldearen atzetik geratuta.

Baina Zumaia, B multzoan zegoenez, geroago abiatu zen, eta ziabogan denbora markatu orduko, kinka larrian ipini zituen Hondarribia, Hibaika, Kaiku eta Txapela. Horietako bat, Kontxatik kanpo geratuko zelako. Azkenean, Galiziako ontzia geratu zen kalean.

Kaikuren estropada ere txalotzekoa izan zen. ETE ligako txapeldunak erreferentzia ona zuen ziabogan; Hibaika baino segundo bat motelago zihoan. Poparean, ordea, sei segundo handitu zion aldea Errenteriako ontziak. Kaikuren mendeurrenean, opari ederra eman zioten klubari; ETE ligako txapeldunak izateaz gain, Kontxan sartu ziren. Denboraldiari ginga jartzea izango da, Euskotren Ligara igotzea lortzen badute, baina orain Kontxan dute burua.

GALIZIARRAK, KANPOAN

Eguneko beste albistea hau izan zen, Galiziako ontziak kanpoan geratu zirela. Espero zitekeen Tiran ez sartzea, kontuan harturik Euskotren Ligan ia beti azken geratu dela, eta segundo askorengatik, gainera. Caborekin zalantza gehiago egon zitezkeen, baina horiek ere kanpoan geratu dira. Txapela izan da onena -aurten Euskotren Ligan egon behar zuen, baina plazari uko egin zion-, eta, iaz Kontxan sartu bazen ere, aurten ez da sailkatu.