Andoni Tolosa «MORAU»
Musikaria

Zenbakiak

Erraz idazten da 50 urte; zenbaki bat eta lau hizki. Baina zenbat Victor Jara ez ote ditugu laburtzen muturreko konkrezio horren atzean? Horregatik, ez nau poztu kantari txiletarra hil zuten sei lagunei 25 urteko kartzelaldia ezarri dietela jakiteak. Berri ona? Bai, noski... bikaina! Baina ez dit euforiarik eragin, ez dut xanpainik edan, ez dit zoriontasun berezirik ekarri. Berriak beste datu bat ekarri dit-eta gogora: laster, irailaren 12an, 18.000 egun beteko direla Txileko estatu kolpea eman zutenetik. Eta horrek, oso datu zehatza izanda ere, nekez irudikatuko du gertakari horrek eragin zuen giza hondamendiaren tamaina. Asmatu al da hainbesteko adierazpen gaitasuna edukiko duen zenbakiren bat? Zenbat lan, oraindik, forentseentzat...

Bien bitartean zenbaki batzuen eta besteen arteko aldean galdu naiz. Eta nire adinarekin akordatu naiz, eta nola, 10 urte-edo nituela, etxeko “magnetofonoan” entzun nituen arreba nagusiagoak ekarri zituen haren lehenengo bi kantuak, eta nola geroxeago “tocadiscodun” lagunarekin txikitu genuen ‘‘El derecho de vivir en paz’’, eta nola iritsi zitzaigun erabakiak hartzeko denbora..., erabaki bat, eta beste bat, eta beste bat... Numerologia eta nostalgia... eta Victor Jararen bi eskuak, eta mingaina, eta... Zoritxarrez ala zorionez, ez zaizkio zenbakiak falta ene memoriari, eta Txiletik iritsitako berriari zor dizkiot azken biak, guztietan zehatzenak: 44 bala tiro eta 56 hezur haustura zituen Victor Jararen gorputzak. Zenbakiak besterik ez.