Antonio BROTO (Efe)
GENEVA
UKRAINAKO GERRA

Barreiatze bonbek 890 biktima eragin zituzten iaz Ukrainan

Ehun herrialde baino gehiagotan debekatuta dauden barreiatze bonbek 1.172 pertsona hil edo zauritu zituzten mundu osoan 2022an, aurreko urtean baino zortzi aldiz gehiago, Ukrainako gerran bi aldeek erabili izanaren ondorioz. Mundu osoko 1.172 biktimetatik 890 Ukrainan bertan eragindakoak ziren, eta biktimen %95 herritar zibilak izan ziren.

Lehertu gabeko barreiatze bonba bat, Ukrainan.
Lehertu gabeko barreiatze bonba bat, Ukrainan. (Daniel CARDE | EUROPA PRESS)

Barreiatze Bonben Aurkako Koalizioaren urteroko hamalaugarren txostenaren ondorio nagusiek jasotzen dutenez, gutxienez 1.172 pertsona hil edo zauritu ziren munduan arma mota horiek erabiltzearen ondorioz. 2010ean koalizioa urtez urteko txostenak egiten hasi zenetik jasotako biktima kopururik handiena da.

Nazioarteko kanpainaren helburua barreiatze armamentuaren aurkako 2008ko Osloko Hitzarmena herrialde gehiagok izenpetzea da. Oraingoz, 112 estatuk bat egin dute eta beste hamabik sinatu dute, baina nabarmenena potentzia handien hutsunea da.

Barreiatze armamentu mota horrekin egindako erasoen goraldia islatu dute datuek: 2021ean 149 biktima hil edo zauritu ziren arma horien hondakinak lehertzean (bat ere ez eraso ez zuzenetan), iaz 1.172 biktimetatik 987 arma horiek erabilita eragindakoak ziren, ekintza zuzenen ondorioz. Kasu gehienetan (890 biktima), barreiatze bonbekin egindako ekintza horiek Ukrainan egin ziren, baina Siriako eta Myanmarreko armaden erasoetan ere erabili ziren.

Herrialde horietan ez ezik, Azerbaijanen, Iraken, Laosen, Libanon eta Yemenen ere izan ziren biktimak, kasu horietan ez zuzeneko erasoengatik, baizik eta iraganean erabilitako arma horien hondakinak lehertzearen ondorioz.

BIKTIMEN %95 ZIBILAK

Bonba horien biktimen %95 zibilak dira, dokumentuak jakinarazi duenez. Halaber, arma horien hondakinekin lotutako istripuen ondorioz hildakoen edo zaurituen %71 haurrak dira.

«Barreiatze munizioek eragindako biktima zibil berrien gorakadak arma lazgarri horiek zibilengan, eta tartean haurrengan, duten eragin suntsitzailea gogorarazteko balio du», nabarmendu zuen txostena aurkeztean Tamar Gabelnick koalizioko zuzendariak.

«Arma hauek debekatu ez dituzten herrialde guztiek berehala egin behar dute urrats hori; ez dago aitzakiarik erabiltzen jarraitzeko», gaineratu zuen.

Txostenaren egileak bereziki kezkatuta agertu dira AEBetako Gobernuak joan den uztailean Ukrainara barreiatze munizioak bidaltzea onartu zuelako.

Barreiatze bonben bidezko erasoetan, lehergailu txiki ugari sakabanatzen dituzte eremu zabal batean, eta horietako askok ez dute hasierako inpaktuan eztanda egiten. Hala, denbora luzez eta, pertsonen aurkako minen antzera, jomuga bereizi gabe heriotzak eta zauriak eragin ditzaketen hondakinak uzten dituzte.

SUNTSITZE BIDEAN

Koalizioak horrelako bonbak desagertzeko egindako aurrerapausoak azpimarratu ditu. Azken hilabetean Hego Sudan batu da hitzarmenera horrelako bonbak desagerrarazteko herrialde sinatzaileen artera: estatuek kolektiboki suntsitu dute arma mota honen %99, gutxi gorabehera 1,48 milioi munizio.

Bulgariak, ikerketak agertzen duenaren arabera, barreiatze bonben azken erreserba suntsitu du aurten, eta beste bi herrialderekin batera (Peru eta Eslovakia) 4.166 munizio eta 134.598 azpimunizio neutralizatu zituen 2022tik 2023ko ekainera bitartean.

Hala ere, AEBak, Errusia, Txina, India edo Brasil (Ukrainaz gain) bezalako potentziek ez dute hitzarmenarekin bat egiten, eta oraindik ere armamentu mota hau ekoizten duten 16 nazioen taldean parte hartzen jarraitzen dute. Beste estatu batzuek ikerketarako jaso dituzte.