Mixu, Graxi... inoiz esan ezin diren estaliko egien oihu «isila»
Ostiralean, Graxi Etxebehereri azken agurra egiten ari ginen garai bertsuan, beste emakume handi batek azken hatsa eman zuen: Mixu Mendi.
Ez zen, beharbada, lehena bezain ezaguna baina, hark bezala, ekarpen handia egin dio gure Herriari. Gaztetatik Ipar Euskal Herriko egoera larriak piztu zuen bere baitan zerbait egiteko garra. Eta, hala, Bordelen ikasketak egiten ari zela, kezka berbera zuten zenbait euskal ikaslerekin batu zen Irisarriko alaba.
Enbataren inguruan bildutako abertzale belaunaldi berri hartatik hasi, eta geroztik, herriarekiko eta euskararekiko, bere engaiamenduak ez du etenik izan. Seaskako sorreran aitzindari, beren haurrak ikastolara eramatea zinez zaila zen garai hartan hautu irmoa egin zuen eta beti jarraitu du gure hizkuntza suspertzeko ahaleginean, tinko.
Bidelagun izan zuen Klaudio Harluxet senarra, Baionako zinegotzi abertzale lehenetarikoa eta euskaragintzan eta kooperatibismoan buru-belarri ari zela, goizegi zendu zen ingeniari informatikoa.
Niri beste alor batean egokitu zitzaidan ezagutzea. Graxi eta beste asko bezala, isilpean, diskretuki bere etxeko atea irekitzen zuenetakoa zen Mixu. Nire senarra hilabete luzez bizi izan zen berean. 1994an, Estatu frantsesean barreiatuak zituzten errefuxiatuek konfinamendua hautsi eta Euskal Herrira itzultzea deliberatu zutenean, Mixu harrera egin zien euskal herritar haietako bat izan zen. Orduan ohartu nintzen Errobi ertzeko etxe hartan, harrizko hormek -eskuin, ezker- hamaika isilpeko kontu gordetzen dutela, kantak dioen bezala, «inoiz esan ezin diren estalitako egiak…».
Duela hilabete gutxi izan genuen aipatu hormetan berarekin bazkaltzeko parada. Nortasun handikoa, zorrotza, zuzena zen Mixu hura goxoagoa, amultsuagoa topatu nuen. Bere bilobez hitz egiten hasi zenean, maitekiro aritu zen haietaz, begietan distira bereziarekin. Pentsatu nuen bizitza osoan horren tinko jardun zuen emakume hura bere eritasunaren bilakaera ilunaz jabetzen zela eta, nolabait, bere alde xaloa libreki askatu zuela.
Graxiri igorri nion azken mezu berarekin amaitu nahi nuke. Niretzat (guretzat) izugarrizko ohorea eta xantza izan da zu ezagutu izana, Mixu. Asko ikasi dut zurekin, asko miresten zaitut eta asko maite ere. Zure azken bidaian nire eskua ez, baina nire bihotza zurekin da. Beti-beti izango duzu zure txokoa bertan, emakume eta abertzale paregabea!