Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren defentsibak

Futbolean esan ohi da defentsarik onena erasoa dela. Militarrek erabiltzen duten esaldia da. Eta lelo horrek indarra hartu du bizitzaren egunerokotasunerako.

Erasoak zein defentsak bizitza bera jartzen dute kolokan, gerran bederen. Etsaia akabatzea da borroka militarraren xedea. Sugar txikiena ezabatzea. Ez atxilorik, ez gatiburik, ez bahiturik. Etsaia suntsitzea. Gerra heriotza da. Erasotzaileek ere hildakoak izaten dituzte. Erasotakoa ere erasotzaile senti daiteke. Futbolean golik ez jasotzeko modurik eraginkorrena ez da erasoa, baizik eta baloia norberaren atetik urruti egotea. Golik ez jasotzea, eta ahal bada, etsaiari golak sartzea.

Musikak eztabaida asko sortzen ditu musikarien zein zaleen artean. Eta eztabaidaren berotasunean solaskide batek esaldi perfektua botatzen duenean, esan dezaket musikarekin ere eraso egiten dela. Solaskideak esaten duenean «ez zaitez defentsiban jarri», bi adiera ditu. Bat, erasota sentitu baldin bazara, defendatzea da egokiena. Eta bi, mintzakidea desegin nahi duzu. “Ez zaitez defentsiban jarri” esaldiak hau esan nahi du: «Isil zaitez, ez duzu arrazoirik», baina esan gabe. Solaskideari argumentu guztiak ezabatzen dizkio. “Ez zaitez defentsiban jarri” hori eztabaida ukatzailea da. Defentsa erabilita, flotazio-marran jo duzu solaskidea, eta miserian hondoratu, modurik miserableenean. Esaldi erasotzailea da, ankerra, iraintzailea, suntsitzailea, absolutista eta mespretxatzailea.