GARA
BILBO

Badatoz Bermeo, Urduliz, Galdakao, Legutio eta Dulantziko jaiak, ikasturte hasieran

Udari egun batzuk baino geratzen ez zaizkion arren, ikasturtea hastearekin batera Euskal Herriko hainbat herritako jaiak iritsiko dira. Bizkaian, esaterako, Bermeo, Urduliz eta Galdakao dira asteburu honetan jaietan murgilduko diren herrietako batzuk. Araban ere, esaterako, Legution eta Dulantzin jaiak dira.

Beste ekintza batzuen artean, kuadrillen jaitsierak egin zuten atzo Bermeon.
Beste ekintza batzuen artean, kuadrillen jaitsierak egin zuten atzo Bermeon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaien hasiera atzo egin zuten), txosnen irekierarekin, Xixiliren aurkezpenarekin eta alkatearen pregoiarekin, eta bermeotarrak hamar egunez ibiliko dira arrantzale jantzi urdinekin; irailaren 17ra arte, hain zuzen.

Hamar egun luze hauetan, denen gusturako ekintzak antolatu ditu jai batzordeak: erraldoien irteerak, dantzariak, elkartasun batel estropada, esku pilota txapelketak, zezensuzkoak, kale antzerkia, eta danborrada, esaterako.

Gaur, Almika auzoan ospatuko dute bereziki Andra Mari eguna. Bertan, ohiko meza eta aurreskuaren ondoren, I. Ardi Ulea Ebagitzeko Txapelketa jokatuko da, eta arratsaldean, idi-probak izango dira.

Urtero legez, musikak garrantzi berezia izango du aurten ere Bermeoko jaietan. Horrela, nabarmentzekoa da bihar izango diren ia ekitaldi guztiak musika arlokoak izango direla: txistularien kalejira, fanfarre, trikitilari eta elektrotxarangen emanaldiak, kontzertuak... Igandean (irailak 10), Kontxako estropadetako finalean Urdaibaiko traineruak parte hartuko duenez, txapelketa hau ikusgai izango da Almikako jaietako txosnan. Astelehenean, umeen eguna ospatuko da txosnan, ostiralean, mozorro eguna eta larunbatean, Santa Eufemia eguna. Gauero, tren zerbitzu berezia izango da Bermeo eta Gernika artean, bi ordutik behin.

Urdulizen ere ostegunean hasi ziren Andra Mari jaiak, eta aurten 30 urte betetzen dituen jai batzordeak egitarau zabala prestatu du bi asteburutarako. Ekitaldi nagusien artean, aipatzekoak dira XXXVI. Andra Mari txirrindularitza sari nagusia (ostirala 8), herri bazkaria (igandea 9), mozorro lehiaketa (larunbata 16), auto klasikoen erakusketa eta paella lehiaketa (igandea 17).

Honako taldeen emanaldiak ere iragarri dituzte: Lowe taldea, Chalwa Band taldea eta Urrats erromeria, asteburu honetan; La Escavadora, Delirium Tremens, Garilak 26 eta Oxabi erromeria, datorren asteburuan.

Galdakaon gaur arratsaldean hasiko dituzte irailaren 17ra arte luzatuko diren jaiak, pregoiaren irakurketa eta txupinazoarekin. Asteburu honetan ez dira faltako kale animazioa, kalejirak, pilota partidak, goitibehera lasterketa, Ganguren mendira igoera eta bertso jaialdia. Datorren asteburuan, nekazaritza azoka, 53. Santakurtzetako Txirrindularitza Saria, XII. Artzain Txakur Txapelketa, herri bazkaria eta txistu alardea izango dira.

Txosna batzordeak ere ekitaldiak antolatu ditu, hala nola paella txapelketa, ohe lasterketa, mozorro lehiaketa eta marmitako txapelketa.

Herriko musika taldeei tarte berezia egingo diete egitarauan, eta haiekin batera, honako taldeak arituko dira: Iseo Dodosound, Esne Beltza, EH Sukarra, Akerbeltz erromeria, En Tol Sarmiento eta Goxua’n Salsa.

DULANTZI ETA LEGUTIO

Araban ere jaiak ospatuko dituzte hainbat herritan, tartean, Dulantzin. Gaur hasiko dira Aiarako ama birjinaren omenezko jaiak, eta bi asteburutan ospatuko dituzte. Aurtengo txupinazoa Aiala txirrindularitza klubak botako du, eta ondoren, Zirkozaurre taldearen kale emanaldia, txosnen irekiera eta Garilak 26 taldearekin dantzaldia izango dira.

Bihar, bolo txapelketa, pilota partidak, blusen kalejira, behiak, zezensuzkoa, Enziska2 taldearen emanaldia eta DJak izango dira. Igandean, behi suharraren eguneko ekitaldiak ospatuko dira, baita herri bazkaria, herri kirolak eta The Spolem Girls taldearen emanaldia ere. Herriko kaleak alaitzeko, Izenbarekuak txaranga egunero arituko da kalez kale.

Irailaren 11n Aiarako ermitako erromeria eguna izango da, eta egitarauak datorren ostiralean jarraituko du hainbat ekitaldirekin, tartean, honako taldeen emanaldiekin: Ttek elektrotxaranga eta Puro Relajo (ostirala 15); Akerbeltz (larunbata 16); eta Joselu Anaiak (igandea 17).

Legution lau egunez luzatuko dira jaiak, ostiralean hasi (irailak 8) eta astelehenera arte (irailak 11). Txupinazoaren ondoren, danborrada, buruhandiak, pilota partidak eta Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia izango dira.

Larunbatean (irailak 9), ur jolasak, herri bazkaria, mus eta briska txapelketa, batukada, gazte afaria eta Huntza eta Mugi Panderoa taldeen emanaldiak izango dira.

Igandean (irailak 10), aipatzekoak dira herriko txistulariekin kalejira, azoka, herri kirolak, trikipoteoa, mozorro lehiaketa eta disko-festa. Eta astelehenerako (irailak 11), haur parkea, bolo txapelketa, mariatxiak, tortilla txapelketa, karaokea eta “txokolatada” daude iragarrita.