Josu JIMENEZ MAIA
KOLABORAZIOA

Neron-ek Antzokian egina

Uda honetan, suteak, Ukraina, Fukushima, Rubiales eta abar albiste izan dira, eta ia oharteman gabe iragan da Neron enperadorearen Antzokia, Theatrum Neronis delakoa, agertu dela lur azpiko aparkaleku bat egiteko lanak egiten ari zirelarik; Vatikanoaren ondoan agertu ere.

Neron-en Antzokiaren gaineko aipuak agertu izan dira lehendik testu klasiko zenbaitetan, baina non zegoen zehazki ez da orain arte jakin, hiru urteko indusketa-lanen ondoren kausitu baitira zeramika-puskak, beirazko kopak, pegarrak eta… Neron-en Antzokiaren aurriak.

Izan ere, Neron izenak bere baitan darama «ero» hitza, aurrean «n» bat eta atzean beste «n» bat ere badaramalarik. Neroni ere ohartu naiz. Neron-i, Neron enperadoreari alegia, ero egotea egozten zaio, eta zorotzat ez ezik ankertzat ere hartu ohi da, Erromako suteari beha egoteagatik lira jotzen zuelarik, orain aurkitu duten antzoki horretan bertan.

Tazito historiagileak Erromako suteari buruz utzi zuen idatzia; Erromako jendea ez zela ase eta, herri xeheak libertimendua behar zuelakoan, Neron-ek antzinateko festarik handiena antolatzea deliberatu zuela; orduko panem et circenses, oraingo fast food eta futbola. Tazitoren arabera betiere, Neronek Erromako jauregiaren lorategiak eskaini zituen makro-jai hori egiteko, eta Erromako pertsona garrantzitsu orori bertaratzeko gonbita egin zion. Erroman baldin eta nor bazen, han egon behar zen: olerkariak, artistak, legelariak, sendagileak, jakintsuak, tratulariak, enbaxadoreak... denak, munta handiko hiritar eta pertsonaia guztiak, bertan bildu ziren. Halarik ere, Neron ez zegoen pozik, arazo bat baitzegoen: nola argiztatu jendez betetako lorategi eder hura. Orduan, ero izateko ospea duenari dagokion gisa, ideia zoro bat bururatu omen zitzaion: Erromako leotzetatik gatibuak ekarrarazi eta, jaia argiztatzeko, bizirik erretzeko agindua eman zuen, gaueko argiztapena sortzeko, presoak sugarren elikagai bihurtuta, Neron-en atsegingarri.

Historiagile batzuek pasadizo hau zalantzan jartzen duten arren, enetzat garrantzitsuena ez da agindu krudel eta gupidagabe hori emateko tenorean Neron ero zegoen ala ez asmatzea; haatik, enetzat gakoa da festara gonbidatuek zergatik ez zuten deusik ere egin basakeria hori eragozteko. Han zeuden poetak, abeslariak, musikariak, artistak, historialariak, Erromako intelligentsia osatzen zuten horietariko inork ez al zuen ahotsa jaso? Nehork ez al zuen protestarik egin? Tazitori sinestera, nehork ere ez zuen protestarik egin. Batek ere ez. Horregatik, Neron buru-galdu bat zen ala ez geure buruari galdetu ordez, galde diezaiogun geure buruari zergatik ez zuen inork ere deus egin.

Munduko antzokian oldarkor dabil kapitalismo zaharra, neoliberalismoz jantzita badarik ere, nahaste-borraste eta egia-osteko garai «fluido» hauetan, garrantzitsua da etsaia zein den eta zein ez den argi izatea, iparra eta burua galdu gabe. Agian arazoen azterketa egiteko tenorean eztabaidatzen ahal dugu, eta konpontzeko taktikak eta estrategia eztabaidagai izan ditzakegu; are, bitarteko bati ala beste bati ekiteko unearen egokitasunaz eztabaidatzen ahal dugu... Baina askoz gehiago da zapalduok batzen gaituena bereizten gaituena baino, eta abiapuntu bat jar dezakegulakoan nago: injustiziaren aurrean ez gara mutu geldituko, Neron-en gonbidatuak nola.