Xole ARAMENDI
DONOSTIA
ZINEMALDIAREN AURKEZPEN OFIZIALA

Hayao Miyazakik Japoniatik jasoko du hirugarren Donostia Saria

Hayao Miyazakik jasoko du hirugarren Donostia Saria. Birtualki egingo du, Tokiotik, bertan egongo da animeren egile handia. Javier Bardem ere ez da Zinemaldian izango, 2024ko Irekiera Galara atzeratu baita bere sariaren ekitaldia, Hollywoodeko aktoreen greba dela-eta. «Festa handia izan dadin merezi du», azaldu zuen Rebordinosek. Erice da, beraz, saria Donostian jasoko duen bakarra.

Ruth Perez de Anucita Zinemaldiko komunikazio arduraduna eta Jose Luis Rebordinos zuzendaria, irribarretsu, jaialdia hasi bezperatan.
Ruth Perez de Anucita Zinemaldiko komunikazio arduraduna eta Jose Luis Rebordinos zuzendaria, irribarretsu, jaialdia hasi bezperatan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Aurkezpen Ofizialaren egunerako, aletua izan ohi da egitaraua. Donostia Sarien ingurutik etorri zen atzo berria: Hayao Miyazakirentzat da aurtengo hirugarren Donostia Saria eta Javier Bardemek 2024an jasoko du bere garaikurra.

Ez bata ez bestea ez dira Gipuzkoako hiriburuan izango aurten. Zuzendari japoniarrak, Madrilgo aktorearen ordez, irailaren 22ko Inaugurazio Galan birtualki -Tokiotik- jasoko du saria, eta Bardemek 2024ko Irekiera Ekitaldira atzeratu du garaikurra jasotzea.

«Hollywoodeko grebaren eraginez, bi aldeok horrela adostu dugu», azaldu zuen Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak. «Festa handia izan dadin merezi du Bardemek», gaineratu zuen.

Victor Erice zuzendari karrantzarra izango da, beraz, 71. edizioan presentzialki Donostia Saria jasoko duen bakarra

Pozarren azaldu zen Miyazaki, hirugarren Donostia Saria eman izanaz. «Zuzendari bezala daramatzadan hamabi urteotan sari ederrak eman ditugu, baina benetan poztasun handia ematen dit sarietako bat aurten berak jasotzeak. Ametsa da bere film berriaren premier-a izatea eta orain, gainera, saria jasotzea, pentsa!», aitortu zuen. Izan ere, “Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron” Miyazakiren lanak irekiko du aurten zinema jaialdia, lehiaz kanpo.

Irailaren 7an Torontoko zinema jaialdian izan berri da “Chihiroren bidaia” bezalako filma ederren zuzendaria, eta Donostiakoa Europako estreinaldia izango da.

«Munduko animazioak bere historia osoan eman duen pertsonarik garrantzitsuena da», Rebordinosen iritziz. «Eta badakit nor zen Walt Disney», zehaztu zuen. Miyazakik erakusten dituen istorioen humanismoa nabarmendu zuen, «bere garaira aurreratutako filmak eta edertasun apartekoak» egin baititu.

Manuel Perez Estremera Zinemaldiko zuzendaria izana eta zendu berria gogoan izan zuen Zinemaldiko arduradun nagusiak. «Lagun handia nuen. Gizon ederra zen. Lan isila egin zuen eta zaratarik gabe joan zen gauzak itsustu zirenean. Publiko egiteko esan nion nik. ‘Horrek min egingo lioke Zinemaldiari, eta banoa’, erantzun zidan».

«POLEMIKA ARTIFIZIALA ETA INTERESATUA»

Josu Urrutikoetxeari Jordi Evole kazetariak eginiko elkarrizketa izango da aurten ikusiko den lanetako bat. “No me llame Ternera”k sortutako “polemika”-z galdetu zion kazetari batek Rebordinosi. Ika-mika artifizialtzat jo zuen zuzendariak. «Ulertzen dut biktimek ondo ez hartzea, baina polemika artifiziala eta interesatua da. Alegia, gutunez dokumentala erretiratzeko eskatu zutenek berehala filtratu zuten prentsara. Oso pertsona gutxi dira filma ikusi dutenak. Eta zinema lanak ikusi egin behar dira lehenengo, eta iritzia ondoren eman», adierazi zuen.

Zinema jaialdi batek eztabaida eta dialektika gune izan behar duela nabarmendu zuen Rebordinosek. «Hausnarketari bide egin behar dio, eta gisa honetako dokumentalek debatea pizten dute». «Filma biktima baten adierazpenekin hasi eta bukatzen da, beraz, horrekin dena esana dago» bere hitzetan. «Erakunde faxista eta hiltzailea izan zen ETA, hori esateko ez dut inoiz arazorik izan. Ez dago ETAren jarduna justifika dezakeen ezer, baina badira hainbat kontu azal daitezkeenak. Hori bai, Zinemaldiko buru naizen bitartean eta nire taldea nirekin ados dagoen bitartean, ez dugu inoiz ETA zurituko», esan zuen.

Dozenaka film zain ditugu ikusle, kritikari zein kazetariok irailaren 22tik 30era. «Makina bat film ikusi ondoren ohartzen gara harilkatzen dituzten gaiez», kontatu zuen Rebordinosek. «Ez da prozesu kontzientea izan, baina orain, 21 saiotan banatutako 210 film ikusita, saihetsezina da ondorioak ateratzea», gaineratu zuen Ruth Perez de Anucita Zinemaldiko komunikazio arduradunak ondotik.

Memoriak zeharkatutako lanak dira asko. «Kolonialismoa, nazionalismoa, erresistentzia frantziarra, Latinoamerikako diktadurak, iragan hurbilean hainbat emakumek izan duten bizitza -Indian, Japonian...-... ikusiko ditugu. Euskarak hainbat hamarkadatan jasan dituen arazoak bildu ditu “Bizkarsolo” filmak, esaterako», gogoratu zuen.

EPAIMAHAIA

Claire Denis zinemagilea izango da Epaimahai Ofizialeko epaimahaiburua, eta ondoan izango ditu Fan Bingbing aktore txinatarra, Cristina Gallego ekoizle, errealizadore eta idazle kolonbiarra, Brigitte Lacombe argazkilari frantziarra, Robert Lantos ekoizle hungariarra, Vicky Luengo aktore espainiarra eta Christian Petzold zuzendari alemaniarra.

Zinemaldiko zuzendariak azaldu zuenez, Estatu Batuetako Aktoreen Sindikatuak (SAG-AFTRA) deitutako grebak ez du eraginik izango Zinemaldiaren programazioan, aukeratutako film guztiak proiektatuko baititu; baina bai alfonbra gorrian, batez ere «oso iparramerikarra» izango zen edizio batean.

Aurten Zinemaldira gerturatuko diren hainbat izen ere aurreratu zituzten: Juliette Binoche, Gabriel Byrne, François Cluzet, Emmanuelle Devos, Griffin Dunne, Aidan Gillen, Mads Mikkelsen, James Norton eta Dominic West, besteak beste.

Bertan izango dira Noah Pritzker, J.A. Bayona, Isabel Coixet, Michel Franco, Craig Gillespie, Jonathan Glazer, Kitty Green edo Todd Haynes. Baita Tran Anh Hung, Tatiana Huezo, Ladj Ly, James Marsh, Cristi Puiu, Valeria Sarmiento, Justine Triet, Fernando Trueba eta Javier Mariscal ere.

Sail Ofizialari dagokionean, Joaquim Lafosse, “Un silence” filmarekin parte hartzen duena, Daniel Auteuil eta Emmanuelle Devosekin etorriko da; François Cluzet eta Vincent Lacostek, berriz, Thomas Lilti “Un métier serieux” filmaren zuzendariarekin bidaiatuko dute. Xavier Legrandek “The Successor” defendatuko du, eta Robin Campillok “L’ île rouge” filma, Quim Gutierrez eta Nadia Tereszkiewicz aktoreekin batera.

Halaber, Jonathan Glazer, Christian Petzold, Matteo Garrone, Michel Franco, Nicolaj Arcel eta Mads Mikkelsen “Io Capitano” filmeko protagonistak, eta Warwick Thornton (The New Boy) eta Craig Gillespie (Dumb Money) zinemagile australiarrak izango dira jaialdian.

SARRERAK

Programazioa Zinemaldiaren webgunean (sansebastianfestival.com) eta komunikabideetan argitaratuko da hilaren 11n. Irailaren 13tik aurrera, film guztien gidak salduko dira Zinemaldiaren bulegoan (Tabakalera eraikineko bigarren solairuan, 10.00etatik 14.00etara eta 15.30etik 19.00etara, 2,20 euroren truke). Irailaren 16tik (larunbata), Zinemaldiak Kursaalean gaitzen duen informazio-puntuan egongo dira eskuragarri (16tik 21era 9.00etatik 20.00etara, eta 22tik 30era 8.30etik 22.00etara irekita).

Sarreren salmenta hilaren 17an hasiko da, 9.00etan. Egun horretan, Zinemaldiko lehen hiru egunetarako sarrerak erosi ahalko dira (ostirala 22, larunbata 23 eta igandea 24); hilaren 18an (astelehena), hilaren 25ekoak (astelehena), 26koak (asteartea) eta 27koak (asteazkena) erosi ahalko dira, aurreko egunetako sarrera eskuragarriez gain; azkenik, hilaren 19an (asteartea), 28koak (osteguna), 29koak (ostirala) eta 30ekoak (larunbata), baita hurrengo saioetarakoak ere.