Ion T. BARRENA
DONOSTIA

‘EZTENA’, lehengo eta oraingo hitz debekatuen transmisioaz

‘EZTENA’ laneko gonbidatuak.
‘EZTENA’ laneko gonbidatuak. (‘EZTENA’ podcasteko irudiak | NAIZ Irratia)

Kontxita Beitia lehen ikastolen sustatzaileetakoa, Joxe Mari Iriondo kazetaria, Anje Duhalde musikaria, Teresa Toda ‘Egin’ egunkariko langile ohia, Iñaki Uria ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren sortzaileetakoa eta Joxe Mari Agirretxe ‘Porrotx’ dira ‘EZTENA’ podcasteko sei gonbidatuak. Bakoitzak bere garaian bizi izandako debeku eta zentsura kasuak ekarri ditu gogora solasaldi lasaiaren formatuan. Irailaren 12an estreinatuko du podcasta NAIZ Irratiak.

Zentsurak eta jazarpenak euskal kulturaren eta izatearen garapenean izan duten eraginari erreparatu asmo dio lanak, sei bizipen adierazgarri hauetatik abiatuta, argazki orokorrago baten isla izan nahian. Ikastolen sorrera, oztopoak eta horiei iskin egiteko bideak ditu hizpide Kontxita Beitiak. Frankismo garaiko zentsuraren ibilmoldea, Joxe Mari Iriondo kazetariak, baita horren beldurrez nork bere buruari ezarritakoak ere; ‘Ez dok amairu’-ren sorrera eta Herri Irratiaren hastapena, besteak beste.

Zentsurari iskin eginez hasi zituen Anje Duhaldek ere lehen plazak eta 90eko hamarkada abian zela oraindik ere ez zuen atzean utzi. Hamarkada horren amaierakoa da ‘Egin’-en itxiera eta ondorengoaren hastapenekoa, ‘Euskaldunon Egunkaria’-rena. Zentsura edo boikota Pirritx eta Porrotx pailazoek ere bizi izan dute aspaldi ez dela.

GRADU BUKAERAKO LANA, ABIAPUNTU

Transmisio falta bati erantzun asmo dion lana da. Sara Iriarte, Garaia Pagola eta Danel Teranen Gradu Bukaerako Lanetik (GBL) eratorritakoa da podcasta. “Euskal kulturak 1998tik 2023ra izandako isilpeko zapalkuntzaren transmisioaren etenaren isla gazteengan” izenburuarekin osatu dute hirurek GBLa (Ikus-entzunezko Komunikazio Gradua, Mondragon Unibertsitatea. 2022-2023).

Lan horretan azken hamarkadetan euskal kulturak jasandako oztopoen argazki sakona egin dute hiru graduatu berriek eta ikerketa-galderak gazteengan izan den -edo ez den- transmisioan ardaztu dituzte. Eten bat antzeman dute lanaren ondorioetan eta hortik sortu da ikus-entzunezkoa, eten hori izan ez dadin.

ASTEARTEZ 19.00ETAN ETA SAREAN

Podcasta irailaren 12an estreinatuko du NAIZ Irratiak (19.00) eta asteartero eskainiko du atal berri bat. Irratian ez ezik podcast plataformetan ere entzun ahal izango dira eta elkarrizketen bideoak irratia.naiz.eus webgunean ikusi ahal izango dira. Lehen ataleko gonbidatua Kontxita Beitia izango da.