Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Hiztegi kontua

Atmosfera zoratu egin dugu hemen-han, Lurra bera zoratu izanaren ondorio. Eta hola, DANA barneratu behar izan dugu eguneroko hiztegian, Konbentzio Konstituzionala edota Nazio Forala lehen barneratu behar izan dugun moduan. Eta hiztegia hitz arraroz ari da betetzen; batzuk errealitate fisikoa duten hitzak badira ere, beste batzuk huts dira jaioak, izanik gabeko izena, txoko isolatu batzuetako hizkerarako komodinak. Eta, kolpea gero, une berean hiztegia husten ari gara, etxe inguruko naturak eskainia adierazteko gure aurrekoek ahoan zuten hitz-dibertsitatea hustuz… Koplariak zioenez, “ez gara hain onak, benetan”.

Bada, klima bakarrik ez, klimaxa bera ere ari ei da aldatzen. Klimax aldaketa. Horra alardean ikusia. Lehen aldiz konpainia parekideak txaloak entzun ditu udaletxe aurretik pasatzean. Txistuen ordez. Bai, egia, lehen ere txaloak entzuten ziren udalbatzarretik, baina gehienetan txistu egiten ez zekitenenak ondoko txistu egileei zuzenduak. Oraingon, urrunetik bada ere, nik txalo egin nuen konpainia hori ikustean, eta gogoz geratu nintzen txaloa emateko jelkide eta konpainiakoei. Dena txaloa izanda ere, bada aldea, egin eta eman. Eta azken honetan EHUrena dut gogoan: Eman eta zabal zazu… txaloak!

Hala ere, bada alardean tradizio transgenikoa atzean utzi nahi ez eta bizkarra eman dutenak, harresiari txaloa eginez edo. Eta plastiko beltzik ez dut ikusi. Albedo kontua. Demontre, berriro bueltatu naiz klima aldaketara! Total, orain jakin dut nik EH Bildu eta ELA sortuak direla zertarako eta EAJren kontraboterea izateko! Harrapa ezak/n! Irak/n! Euskal sozialismo erradikala! Ajuria Eneko maizterrak dio. Erradikala: arazoen erroetara joan. Errealismoa: erradikala izan. Hiztegi kontua. Berari bost axola, okurrentzien pandemian ari da…