Nerea LAUZIRIKA
BILBO

El Vivero adingabeen zentroko langileek greba hasi dute, haren itxieraren aurrean

Galdakaon dagoen El Vivero adingabeentzako zentroko langileek greba mugagabea hasi zuten atzo, LAB eta ELA sindikatuek deituta, azpiegitura hori itxi behar dutela-eta kaleratu nahi dituztelako. Elkarretaratzea egin zuten, salatzearren Landalan elkarteak ez duela subrogazio legea bete, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailari inplikazioa eskatu zioten.

Elkarretaratzea egin zuten Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean.
Elkarretaratzea egin zuten Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean. (Oskar MATXIN | FOKU)

El Vivero adingabeentzako zentroko langileek, LAB eta ELA sindikatuek deituta, greba mugagabea hasi zuten atzo, elkarretaratze batekin. Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean salatu zuten Landalan elkarteak ez duela subrogazio legea bete eta Galdakaoko zentroko langileak kaleratuko dituztela. Halaber, aldarrikatu zuten horrelako zerbitzuek publikoak izan behar luketela, langileen zein erabiltzaileen mesedetan.

Gizarte Ekintza sailaren eta Landalanen «utzikeria» salatu zuten: «Enplegu Erregulazioko Espediente batekin erantzun digute, 19 lagun kalean utziz».

Aurrez, Zornotzako Lehen Harrerako Zentroan lan egiten zuten, 2021ean eraberritze lanak hasi eta El Viverora behin-behinean aldatu zituzten arte. Lanak bukatuta, hura kudeatzeaz arduratuko den erakundea aldatu dute, eta, Landalanek ez dizkionez Adaka-Agintzari kooperatibari subrogazioa gauzatzeko datuak pasatu, kaleratu egingo dituzte.

Bizkaiko Aldundiak Galdakaoko El Vivero zentroa ixteko asmoa dauka. Elkarretaratzean, hura zabalik mantentzeko beharra nabarmendu zuten langileek, funtzionatzen duen zentro bat ixteak gainerakoen masifikazioa dakarrelako.

Gogora ekarri zuten inoren ardurapean dauden adingabeak direla artatzen dituztenak eta behar bezalako gizarteratze prozesu bat gauzatu dadin baliabide egokiak behar dituztela.