GARA
GASTEIZ

Artziniega Erdi Arora itzuliko da bihar Antzinako Azokarekin

Herriaren bereizgarria den Antzinako Azokaren XXIV. edizioa egingo da Artziniegan, Araban, bihar. Herritarren parte hartzea ezinbestekoa izaten da urteroko hitzordu hau prestatzeko. Musikak, komedianteek, txotxongilo antzerki emanaldiek eta artisautza erakustaldiek girotuko dute Aiaraldeko herria.

Artisautza erakustaldiak Artziniegako Antzinako azokaren bereizgarrietako bat dira.
Artisautza erakustaldiak Artziniegako Antzinako azokaren bereizgarrietako bat dira. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Araban, jaiak bukatu berri dituen Artziniega herrian, Antzinako Azoka ospatuko dute bihar. Azoka hau ez da beste herrietan egiten den bezalakoa. Euskal Herrian aitzindaria izateaz gainera -aurtengoa XXIV. edizioa izango da-, zerbaitek bereizten badu, herritarren parte hartzea da, eta aurten ere herritar askoren lanari esker lortu dute beste urte batez aurrera ateratzea.

Goizeko 11etatik aurrera, 80 postu inguru jarriko dituzte herriko alde zaharrean, artisautza lanbide desberdinak erakusteko (ezpatagileak, iruleak, artile moztaileak, txakolingileak...-, eta horrekin batera janari postuak ere izango dira, baita musika eta antzerki emanaldiak ere.

Azoka honetara hurbiltzen diren guztiak berehala murgilduko dira Erdi Aroko giroan, 750 urte dituen herriko kale eta etxe zaharren artean ez baitira faltako erdi aroko arropekin jantzitako herritarrak, bertako bizilagun batzuek azken urteetan egin duten ikerketa eta berreskuratze lanari esker.

Goiza alañaren adar hotsekin hasiko da 10.55ean. Pregoia irakurriko dute 11.00etan hiribilduko atarian eta, horrela, azoka irekitzat emango dute. Hortik aurrera Builaka Batukadaren danborrek, gorteko musikariek eta komedianteek kaleak atzera Erdi Arora eramango dituzte, zaldun, bufoi, gaita jole, pikaro, klero eta gorteko jendearekin batera.

Ezpata forja egingo dute Dorrearen aurrealdean 12.00etan, eta aingeru kantak izango dira Agustindar Mojen Komentuan. Jarraian, txotxongiloen antzerkiaz, ardien ile-mozketaz, magia ikuskizunaz eta Erdi Aroko dantzez gozatu ahalko da.

Artekale Plazan Erdi Aroko kanpamentu bat muntatuko dute eta 13.30ean bisita gidatua eskainiko da, ezpata ikuskizun batekin.

Bazkaltzen hasi aurretik juglareek azoka alaituko dute, 14.00etan.

Arratsaldean, 17.00etan gorteko musikariak hiriguneko kaleak eta azokako bisitariak alaitzen jarraituko dute. Ordubete geroago, Alkaide jaunaren Dorrean errementariak beste ezpata forja erakustaldi bat egingo du. Jarraitzeko, Goiko Plazak magia ikuskizun bat hartuko du, eta Artekaleko Kanpamentuak ezpata ikuskizun bat. Galenoek Parrokia alboan izango duten kontsultan izurritearen ondorioak azalduko dituzte 19.30ean.

Gainera, egun osoan zehar haurtzaindegia egongo da Artekale Plazan. Besteak beste, artisauen lanbideen erakusketa, artilea irutearen erakusketa, Erdi Aroko jolasak eta igeltsu freskoaren gaineko margoketa larunbat osoan luzatuko dira ere.

Beste alde batetik, Artea Etnografia Elkartearen eskutik, Pablo Respaldiza Arratiaren Barrenkaleko sutegia bisitatuko dute, eta antzinako beste lanbide batzuk ezagutzeko aukera egongo da, hau ere egun osoan zehar.

Egitarau zabal hau dela-eta, Udalak adierazi du gaur arratsaldetik debekatuta egongo dela ibilgailuen sarbidea eta aparkatzea herriaren hirigune historikoan, azokan postuekin edo dekorazioarekin parte hartuko dutenentzat izan ezik. Eta Artekaleko eta Luciano aldapako edukiontziak kendu dituztenez, inguruan daudenetara jo beharko da.