GARA
IRUÑEA

Alzheimerrarekin giza neuronak nola hiltzen diren argitu dute

Heriotza neuronala da alzheimerraren ezaugarri nagusia, horrek eragiten baititu pazienteen defizit kognitiboa eta dementzia. Bada, Amaia Arranz ikertzaile euskaldunaren parte hartzea izan duen ikerketa batek heriotza zelularraren mekanismoa zein den argitu du.

Alzheimerraren kontrako nazioarteko egun batez egindako ekimena.
Alzheimerraren kontrako nazioarteko egun batez egindako ekimena. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Alzheimerraren gaixotasunak eragiten duen heriotza neuronalaren mekanismo bat argitzea lortu du nazioarteko ikerketa batek. Gaixotasun honen aurkako terapiak garatzeko lagungarria izango da aurkikuntza, Amaia Arranz ikertzailearen esanetan.

Achucarro Neurozientzia Zentroari atxikitako Ikerbasqueko ikertzailea da Arranz, eta nazioarteko ikerketa honetan parte hartu du. «Gure aurkikuntzak itxaropentsuak dira eta ikuspegi berriak zabalduko dituzte alzheimerren gaixotasunen ikerketan. Giza neuronetan heriotza neuronalaren mekanismo espezifiko bat identifikatu eta balizko tratamendu bat proposatzean, aurrerapauso garrantzitsua ematen ari gara gaixotasun honen aurkako terapia eraginkorrak bilatzeko bidean», adierazi zuen ikertzaileak atzo prentsari igorritako ohar batean.

“Science” aldizkari entzutetsuan argitaratu da ikerketa. Ikertzaile talde batek 2017an aurkeztutako lan bati azken urteetan egin dion jarraipenaren emaitza da, eta aurkikuntza garrantzitsuak jasotzen ditu. Zehazki, alzheimerraren atzean dauden mekanismo espezifiko bat argitzea lortu du ikertzaile talde honek.

MEG3 GENEA

Galdera batek abiatu zuen lana: nola hiltzen dira neuronak gaixotasun honetan?

Horri erantzuteko, ikertzaileek giza neuronen eta saguaren neuronen transplanteak egin zituen alzheimerra zuen sagu baten garunean. Orduan ikusi zuten soilik giza neuronetan eragin zuela gaixotasunak, ez saguarenetan.

Bestalde, giza neurona horiek MEG3 genearen adierazpen altua zutela ikusi zuten, alzheimerra duten pazienteekin gertatzen den bezala. Ondorioztatu zuten, hain zuzen, MEG3aren adierazpen altuak eragiten duela heriotza zelularra giza neuronetan, zelula horien behin betiko galera eraginez.

«MEG3aren eta giza neuronen nekroptosian [heriotza zelularrean] duen eginkizunaren identifikazioari esker, sakonago ulertu ahal izango dira alzheimerren gaixotasunaren azpian dauden mekanismoak eta, horren harira, MEG3 helburu garrantzitsua izango da alzheimerra duten pazienteen neuronen heriotza prebenitzea xede duten etorkizuneko ikerketa eta terapietan. Garrantzia handiko aurkikuntza da; izan ere, heriotza neuronala alzheimerren gaixotasunaren ezaugarri nagusia da, pazienteen defizit kognitiboen eta dementziaren eragilea», azaldu zuten prentsa oharrean Achucarro zentroak eta Ikerbasquek.