Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Metak eta helburuak, paisaian

Begirada aldatzeak aldatu dezake mundua; edo aldatzen hasteko ezinbestekoa izan, sikiera. Hortaz, atzoko GAUR8n irakurria: “Metak, lausotzen ari den bizimodu baten paisaia”. Horixe izan dut buruan ostegunean legebiltzarrean izan zen politika orokorreko azken osoko bilkuran Ajuriaeneko maizterrak bota zuen hitzaldiarena irakurtzean, ostegunean izan baina nik atzo irakurria: “Helburuak, lausotzen ari den politika-modu baten paisaia tenkatuta” edo. Halako bilkuretan parte bat behintzat ez dakit den reality ala den realpolitik show. Hain dira desberdinak une eta leku bereko errealitateen gaineko begiradak berak! Pragmatismoa bera ere mugatua eta mugatzailea izan daiteke, edo eraldatzailea; baina biak batera ezin.

Total, autokritika egingo zuela iragarri oraingo maizterrak eta, bai zera! Kimera! Auzo-kritika egin zuen, ohikoa duen legez, auzoko erradikalei begiratuta. Kolpea, gero! Itxaron zerrendak sei hilabetean txikituko omen ditu, Gernikako Estatutuak ZIUn berrogei urtetik gora egin duenean; itxaron egin behar. Okurrentzia halakoak! Hala ere, hango auzibidera jo baino gehiago hemengo auzo-bidera jotzen du horrek, auzoko erradikalak gogoan. Urrunetik, Euskadi auzolana, hurbildu, eta auzo-lotsa! Zerbitzu publikoen gaineko ikuspuntua bera hain da desberdina hemengo-hango ezker-eskuin! Zerbitzuen Zer-Nori-Nork! Politika orokorreko bilkuretan ere mamitu beharreko eztabaida … baina orokorraren mamia lausotuz doa paisaian, metak eta helburuak nahasita. Total, autokonplazentziazko diskurtsoek berdin balio dute puzgarri zein puzker baterako.

Bai, begiratu eta ikusi ez da gauza bera. Estudiatu eta ikasi ere ez. Estudiatzean ikasi egin behar da begiratzean ikusteko. Eta ikusiz ikasita bidea egin, pragmatismo eraldatzailean, metak eta helburuak zein bere paisaian hartuz.