Deus ez dakit
Atzo goizean lan eskaintza bat jaso nuen e-mailez. Oso gustura nago lanean, baina gauza bera egiten dugu denok: badaezpada bota diot begia. Auskalo.
Gauza bat oso nabaria egin zait, eta gero eta gehiago sumatzen ari naiz, gainera: lanpostu zehatzak, oso zehatzak, sortzen ari dira, pertsonok gauza bakar baterako balioko bagenu bezala. Nire irakasle baten esaldia ekarri dit gogora: «Ez gara deusetan adituak, baina denetik dakigu pixka bat». Bat nentorren berarekin, garrantzi handiagoa ematen bainion kultura orokorrari arlo bateko jakintza handiari baino. Izan ere, kultura orokorra paideía grekoan jatorria duen proiektu humanistaren parte da. Paideía filosofiak horrela zioen: gizabanako ona izateko -gizartean parte hartzeko, alegia-, balioen (izaten jakitea) eta jakintza teknikoen (egiten jakitea) transmisiotik pasatu behar zen hazkuntza. Horrek esan nahi du superheroiak zirela? Ziurrenik ez, baina ezagutza-andana ahalik eta zabalena izaten saiatzen ziren (grekoek marketin digitala 2.0 maite ote zuten zalantza handia dut). Eta bai, aitortzen dizuet praktikan beste kontu bat dela, baina teoriak ilusioz betetzen nau: maite dut jakitea deus gutxi dakidala, gauza asko ikasteko geratzen zaidala esan nahi baitu.