GARA
DONOSTIA

XXI. mendeko urterik beroena eta lehorrena izan zen 2022a Gipuzkoan

Gipuzkoako puntu ugaritan tenperatura maximo historikoak erregistratu ziren 2022an, eta urtean zehar %20 eguzki ordu gehiago izan ziren. Lurralde osoko prezipitazio metatuak 1981-2010 aldian baino %20 gutxiago izan ziren.

Zarautzko hondartza.
Zarautzko hondartza. (Jon URBE | FOKU)

Klima aldaketak Gipuzkoan duen inpaktuari eta eragiten duen kalteberatasunari buruzko txostena aurkeztu zuten atzo Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Iraunkortasuneko diputatuak eta David Zabala Naturklimako zuzendariak.

Txostenaren arabera, 2022 XXI. mendeko urterik beroena izan zen, eta urteko batez besteko tenperatura 14,5°C izanik estazio meteorologikoetan, gutxi gorabehera erreferentziako aldian (1981-2010) erregistratutako batez besteko tenperatura baino 1°C handiagoa izango zen, eta estazio ugaritan maximo historikoak erregistratu ziren.

Urtaro guztietan igo ziren tenperaturak. Negua, eta bereziki, abendua, oso beroa izan zen, 20°C-ren gaineko erregistroak izanik; udaberria oso beroa izan zen, eta maiatza nabarmendu zen lehenengoz 30°c-tik gorako tenperaturak erregistratu zirelako lurraldeko estazio askotan.

Udan tenperatura altuak etengabeak izan ziren eta muturreko beroko hainbat gertaera izan ziren. Tenperatura maximo absolutua 42,88°C izan zen, Arrasateko estazioan.

Udazkena ere oso beroa izan zen lurralde guztian. Urria izan zen bereziki nabarmena, lurralde guztian 4°C baino gehiagoko batez besteko anomaliarekin.

Eguneko batez besteko tenperatura maximo eta minimoak handitzeaz gain, gau tropikalak eta egun beroak ere gero eta gehiago izaten dira. Gau tropikalei dagokienez, berriz, 2022an errekorra gainditu zen, batez ere kostaldeko herrietan.

UR BALIABIDEAK

Ibai, urtegi eta akuiferoen egoeraren analisi historikoak adierazten du hobekuntza nabarmena dela 90eko hamarkadaren amaieratik, hiriko eta industriako hondakin urak arazteko teknologiak sartzeari esker.

Hala ere, Naturklimak etorkizunaz ohartarazi du. Eskuragarri dauden proiekzioek aurreikusten dute uraren tenperaturak gora egingo duela eta, epe luzera, tenperaturek gora egiten jarraitzen badute eta lehorte aldiak areagotzen badira, ibai, urtegi eta akuiferoetako uraren tenperaturaren gorakadak aldaketak eragin litzakeela faunarik zaurgarrienaren biologian, bereziki lurraldearen barnealdeko ibaiadarren goiko zatietan.