GARA
BILBO

Bederatzi urte arteko zigorra eskatu du Fiskalak Leioako instiluengatik

Ertzaintzak bost gazte atxilotu zituen Leioako campusean 2016ko apirilaren 26an, Ikasle Abertzaleek antolatutako protesta batean, eta Fiskaltzak bederatzi urte eta erdiko bi zigor eskatzen ditu. Gainera, bina urte beste bi gazteren aurka, eta azkenengoarentzat urte eta erdi. 45.000 euroko isuna ere eskatzen du fiskalak.

Campuseko segurtasun enpresak bere aldetik 39 urte eta erdiko espetxe zigorrak eskatzen ditu guztira: bi gazteen aurka hamazazpi urteko zigorra eskatzen du, bina urte beste biren aurka, eta azkenengoarentzat urte eta erdi. Bihar hasiko da Bilbon atxilotuen aurkako epaiketa.

«EGOERA EZ DA HOBETU»

“Leioako bostek” gogor kritikatu zuten uztailean «astakeria» hau, eta EHUren aurka jo zuten: «Unibertsitate publiko batek izan beharko lukeen askatasun politikoen bermea errotik mozten dute», deitoratu zuten. 2016tik hona egoera ez dela hobetu esan zuten, eta, beraz, ikasle mugimenduak salatzen jarraitzen duela «gaur egun ere EHUren autoritarismoa».

Mezu berdina errepikatu zen joan den asteburuan Baionan, Lizarran, Altsasun, Iruñean eta Portugaleten izandako mobilizazioetan. Manifestazioetan adierazi zutenez, 2016ko mobilizazio hura «bere izaera politikoagatik erreprimitu zuten, helburua ikasle mugimenduaren aurka zeraman bide errepresiboa salatzea eta geldiaraztea zelako».

«Ikasle mugimenduak jasaten zuen arazo kolektibo baten aurka manifestatzeagatik dira epaituak», salatu zuten, eta gaur, 09.00etan, Albiako lorategietan elkarretaratze bat izango dela gogoratu zuten.