Silviaren kasua: bazterkeria, arrazakeria eta tortura bost urte geroago ere
Historia ilun honen bihotzean Silvia dago, Getxoko herritarra. Jatorriz boliviarra, emakume arrazializatua. Duela bost urte supermerkaturako bisita arrunta botere-gehiegikeria, bortizkeria eta arrazismo-gertakaria batu zituen amesgaizto bihurtu zitzaion: gaur oraindik justiziaren zain dago, biktimen aulkian eserita.
Silviak pertsona pobre bat defendatu zuen, polizia kalean txarto tratatzen ari zela ikustean. Enpatia-ekintza horren ondorioz azkenean atxilotuta eroan zuten eta polizia-etxeko ziegan eraso egin zioten ustez segurtasuna bermatu behar zioten poliziek. Silviak auzitegi-medikuaren arreta eskatu zuen atxiloaldian jasandako lesioen berri emateko. Txostenak dioenez, polizia batek ukabilkada batzuk eman zizkion. Gerora, txosten hori aurkeztu eta Istanbulgo Protokoloa aplikatzeko eskatu zuen. Nazioartean aitortuta dagoen protokoloa tratu txarren eta torturen ebidentziak dokumentatzeko diseinatuta dago; gai horretan adituak diren medikuek egina da.
Eraso egin zioten poliziek berek txosten faltsutua aurkeztu zuten, gertakariak desitxuratuz, biktimak beraiek izan zirelakoan, otsoak bildots jantzita. Gertakariak iraultze horrek agerian uzten du errealitate mingarria: herritarrak babestu beharrean borrero bihurtzen da sistema. Non dago justizia?
Silvia zaintzea zegokion polizia haren jokabide bortitzaren berri eman zitzaion arren, Eusko Jaurlaritzak bitartekari egin beharrean Silviaren aurka jo eta salatzaile izatea erabaki zuen. Zazpi urteko espetxe-zigorra eskatu zioten, erabat gehiegizkoa, neurrigabekoa eta bidegabea, edonondik begiratuta. Jaurlaritzaren erreakzio horrek Silviaren aurkako presioa izugarri areagotu du, etengabe biktimizatuz. Gainera, Istanbulgo Protokoloaren peritu-txostena aurkeztea ukatu zaio.
Ingurumari horietan, galdera hau sortzen da: zelan da posible horrelakorik gertatzea zuzenbide-estatu demokratiko batean? Silviaren kasua ez da botere-gehiegikeriazko kasu hutsa soilik, gure gizartean dagoen arrazakeria ere erakusten baitu. Bere esperientziak, lurralde honetako pertsona arrazializatu askorenak bezala, argi islatzen du erakundeen arrazakeria. Espainiar Estatuak kritika ugari jaso ditu arazo horri modu egokian heldu eta aurre egiten ez diolako. Premiazkoa da praktika arrazista horiek aitortu, salatu eta ezabatzea.
Silviaren borroka arreta-deia da. Askok ez ikustea nahiago duten errealitate gordina adierazten du: emakume bat jasaten ari den botere-gehiegikeria, bortizkeria eta arrazismoa erakundeetan eta, larriagoa dena, justizia-sisteman bertan. Silviak gardentasuna, objektibotasuna eta azkartasuna eskatzen ditu eta, batez ere, tratu txarren eta torturaren aurkako nazioarteko estandarrak bete daitezela; Istanbulgo Protokoloa aplikatu dadila, alegia. Ezin dugu onartu legea betearazi eta justizia egin behar dutenek emakume baten aurkako arrazakeria, botere-gehiegikeria eta bortizkeria ezkutatzea eta baliatzea.
Urteetako atzerapenaren ostean, ahozko epaiketaren saioa urriaren 4an eta 5ean egingo da. Silvia, ez zaude bakarrik. Justizia eta erreparazioa exijitzen dugu.