Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Sara eta Zugarramurdi, haserre Arxuriko parapente eremuagatik

Haserre dira Saran eta Zugarramurdin. Parapentea bultzatzeko Arxuriko lepoan egin nahi den egitasmoa ingurugiroaren kontrakoa dela salatzen dute. Baztango Udalean, berriz, EH Bilduk soilik egin du proiektuaren kontra, beste taldeen sostenguarekin aurrera doalarik.

Sara eta Zugarramurdiko herritarren agerraldia.
Sara eta Zugarramurdiko herritarren agerraldia. (Oihana DAGUERRE | KAZETA.EUS)

Arxuriko lepoan, Sara eta Zugarramurdi ondoan baina Baztango lurretan, parapentea bultzatzeko proiektu pribatuak haserrea piztu du bi herrietako biztanleen artean.

Irungo enpresa pribatu batek bultzaturiko egitasmoa da eta Saran eta Zugarramurdin izango duen eragina salatzeko agerraldia egin zuten. «Amorruz eta zainetan bizi dugu azken aste hau. Legalki gaur Baztan eremuaren jabea bada ere, geografikoki eta sentimentalki geure egiten dugu; baztandar gehienek ez dakite non dagoen ere», azaldu zuten.

Mattin Oronoz saratarrak adierazi zuenez, Arxuria herritar ugarik erabiltzen dute laborantzarako, kirolerako edo ibilaldietarako. «Mendi hori horrela utzi nahi dugu».

Parapente jarduera errazteko Arxuriraino bide bat zabaldu nahi du proiektuaren bultzatzaileak. Inguru hori «Disneyland Paris» bilakatu nahi dutela salatu zuten.

Horrekin batera, diru publikoa interes pribatuetarako erabiltzea kritikatu zuten. Esan zutenez, Geroa Baik aurkezturiko zuzenketa bati esker 45.000 euroko dirulaguntza onartu zuen Nafarroako Gobernuak egitasmo honetarako.

ZATIKETA BAZTANEN

Baztango alkatetza duen EH Bildu ere proiektuaren kontra dago. Udalbatzarrean egitasmoa albo batera uzteko eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuen talde honek (sei zinegotzi), baina beste guztiak (Zurekin Baztan, Baztango Independenteak, UPN eta Geroa Bai, orotara zazpi zinegotzi) proiektuaren alde azaldu ziren eta EH Bilduren proposamena bertan behera utzi zuten.

«Baztanen gure iritzien eta erabakitzeko eskubidearen gainetik kanpotik ezarritako egitasmoak salatu izan ditugu. Orain, berriz, hori egiten ari gara, albokoei egitasmo bat inposatu euren iritzia kontuan izan gabe. Memoria eskasa daukagu», adierazi zion GARAri Fernando Anbustegi Baztango alkateak.

Izan ere, Aroztegia edo Erdizeko proiektuen kontrako mugimendu garrantzitsua sortu da Baztanen, herritarrei hitza emateko eskatzen duena.