Edu ZABALABaso Biziak plataformako kidea
KOLABORAZIOA

Inbadituta gaude eta ez dira alienak

Espezie exotiko inbaditzaileei eta horien kontrolari buruzko ebaluazioaren txostenaren arabera, giza jarduerek 37.000 espezie exotiko baino gehiago sartu dituzte mundu osoan, Biodibertsitateari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Zientzia Politikarako Gobernu arteko Plataforma (IPBES) izenekoaren arabera. Horietatik 3.500 baino gehiago espezie exotiko inbaditzaile kaltegarritzat jotzen dira, eta mundu-mailako mehatxu larria dira naturarentzat, ekonomiarentzat, elikagai-segurtasunarentzat eta giza osasunarentzat. Jatorriak ugariak dira; maila globalean trafikatzen den flora zein fauna exotikoa modan jarri zirenetik, landare eta zuhaitz batzuk, ederrak, koloretsuak, ekonomikoki errentagarriak (Budleja davidii, Fallopia japonica, topinanbua, Robinia pseudoacacia, eukaliptoa, itsas pinua...) gure ekosistemetan, mendietan, parkeetan, lorategietan sartu zituzten eta jaun eta jabe bihurtu dira, sekulako kalteak sortuz arlo publikoko ekonomian, besteak beste.

Hori guztia ikusita, Baso Biziak plataforma osatzen dugun hainbat taldek urtero egiten dugun ekimen bateratuan, ibai garbiketarekin batera, beste ekimen osagarri eta funtsezko bat jarri dugu martxan aurten: landare exotiko inbaditzaileen behaketa. Behaketa diogu, zeren ezin baititugu gure kasa erauzi landare horiek, Administrazioari dagokiolako. Beraz, gure lana izan da hainbat espezie lokalizatzea, zenbatzea. Material horrekin guztiarekin txosten bat prestatzen ari gara arlo horretan ardurak dituzten instituzioei helarazteko.

Zer eskatzen diegu? Baso Biziak Plataformak Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio argitaratu dezala, behingoz, EAEko espezie inbaditzaileen zerrendari buruzko dekretua. 2007an estatuan indarrean sartu zen Ondare Naturalaren Legeak erkidegoen esku lagatzen du espezie inbaditzaileen zerrenda gauzatzea eta zehaztea, ez baitira berdinak Murtzian eta Extremaduran dauzkaten arazoak, edo gurean ditugunak.

Erronka, beraz, ez da nolanahikoa; arrisku global eta lokal baten aurrean gaude tokian tokiko berezitasunekin. Florari dagokionez, denok identifikatuta daukagu, seguruenik, panpa-lezka, luma txuridun hori, eta bere garapena, epe laburrean, ikaragarria izaten ari da. Inbaditzaile arriskutsu honen aurrean “Life Stop Cortaderia” proiektua jarri zen martxan kostalde atlantiko osoan, Europako Batzordeak subentzionatuta, eta badirudi emaitzak onak direla; hori bai, kostu ekonomiko handiarekin.

Badakigu indar ekonomiko batzuk dekretuaren beldur direla landaketa arloan; izan ere eukalipto espezie batzuk, akazia eta itsas pinua zerrenda horretan agertuz gero, azterketa zientifikoek baieztatzen duten moduan, beraien irabazi partikularrak murriztuko lirateke bioaniztasunaren, ekonomia sozialaren eta zerbitzu ekosistemikoen mesederako.

Estatuan badago espezie inbaditzaileen zerrenda orokor bat, baina gurean murritz geratzen da, eta EAEra egokitutako dekretua argitaratzea derrigorrezkoa dela deritzogu.

Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak 2009an burutu zuen EAEko landaretza aloktono inbaditzailearen diagnosia eta proposamenak eginak dauzka harrezkero. Politikariei arduraz jokatzeko eskatzen diegu eta legealdi honetan argitaratu dezatela ditxosozko dekretu hori, beste instituzioak ere bide beretik eta elkarlanean has daitezen.