GARA
GASTEIZ

Indarkeria matxistaren biktimak babesteko plana iragarri du Lakuak

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak atzo iragarri zuenez, Ertzaintzak plan estrategiko bat abiatuko du indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak modu integralean babesteko. Gaur-gaurkoz, 5.512 emakume babesten ditu Polizia autonomikoak.

Eraso sexisten aurkako elkarretaratze bat.
Eraso sexisten aurkako elkarretaratze bat. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Josu Erkoreka Lakuako Gobernuko Segurtasun sailburuak atzo jakinarazi zuen Ertzaintzak 2024an “Emakumeak indarkeria matxistaren aurrean modu integralean babesteko plan estrategikoa” jarriko duela abian. Polizia autonomikoa genero-indarkeriaren eta indarkeria matxistaren biktima diren 5.512 emakume babesten ari da egun. Azken hamarkadan, Ertzaintzak indarkeria matxistaren biktima izan diren 35.585 emakume artatu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Erkoreka sailburuak adierazi zuenez, helburua da edozein eratako indarkeria matxista jasaten duten emakumeei gaur egun ematen zaien arreta hobetzen jarraitzea, eta, hori dela eta, dagoeneko lantzen ari diren plan berria «integrala, zeharkakoa eta kalitatezkoa» izango da.

Neurrien artean nabarmentzen da indarkeria matxistaren biktimen arriskua baloratzeko polizia-tresnak eguneratuko eta modernizatuko dituztela. EHUrekin elkarlanean, helburua da, lehenik eta behin, «egungo tresna ebaluatzea, sistema zehatzago batera, Euskadiko emakumeen egungo egoera sozialera moldatutako sistemara, aldatzeko».

Gainera, Ertzaintzak eta udaltzaingoek «genero-indarkeria» eta «etxeko indarkeria» delituen espedienteak erregistratzeko eta partekatzeko gaur egun erabiltzen duten tresna informatikoa indartuko da.

Josu Erkorekak azaldu zuenaren arabera, hamarkada batean Ertzaintzak indarkeria matxistaren biktima izan diren 35.585 emakume artatu ditu EAEn. Hil honetako datuen arabera, Ertzaintza genero-indarkeriaren eta indarkeria matxistaren biktima diren 5.512 emakume babesten ari da: 2.674 Bizkaian, 830 Araban eta 2.008 Gipuzkoan. Horietatik 289 kasu larriak dira, arrisku handiko edo bereziko kasu gisa erregistratuta daudenak eta intentsitate handiko babes-neurriak dituztenak.