GARA
ALAVES

«Zelaiko sentsazioak puntuetan islatzera»

Jon Guridi Alaveseko jokalaria.
Jon Guridi Alaveseko jokalaria. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Zelaian ditugun sentsazio onak puntuetan islatzeko beharra dugu», hori azpimarratu zuen Luis Garcia Plaza Alaveseko entrenatzaileak atzo emandako prentsaurrekoan, Betisen aurkako partidaren atarikoan. Bihar jokatuko dute babazorroek Mendizorrotzan, 18.30ean. Jon Guridik jokatu egingo duela iragarri zuen prestatzaileak, eta gaurko entrenamendua amaitu ostean erabakiko duela zer egin, hasieratik zelairatu edo bigarren zatian. Hasieratik jokatzen badu ere, Garcia Plazak esan du ez duela partida osoa jokatuko. Antonio Blanco, aldiz, ez da egongo. Txartel gorria jaso zuen Osasunaren aurkako lehian, eta klubak helegitea jarri bazuen ere, erabakiak ez du atzera bueltarik eta zigorra bete beharko du.

Entrenatzaile babazorroak Osasunaren aurka jokatutako partida izan zuen gogoan: «Partidako azken hamar minutuak kenduta, hamarrekin geundela eta nekea pilatuta, uste dut sentsazio onak izan genituela berdegunean. Jokalariek dena eman zuten, gol aukerak izan zituzten, eta aurkariek ez ziguten arrisku handirik sortu».

Alde horretatik, prestatzaileak autokritika egin zuen, eta azpimarratu, taldeak «pauso bat aurrera eman behar duela areetan»: «Asko sortzen dugun talde bat gara, jaurtiketa gehien egiten dituen ligako zazpigarren taldea gara. Baina ez gara etekina ateratzen ari». Horrez gain, erasoko geldikako jokaldietan «eraginkorragoak» izan behar dutela adierazi zuen, eta «arrisku gehiago» sortu behar dutela horrelakoetan. Orain artekoaz balorazio ona egin du Alaveseko prestatzaileak: «Joan behar dugun bidetik goaz, eta taldea ondo lehiatzen ari da».

ISCO, UNE GOZOAN

Betis Europa Liga jokatzen ari da; herenegun jokatu zuen partida Sparta Pragaren aurka Manuel Pellegriniren taldeak eta 2-1 gailendu zen. Isco izan zen golegileetako bat. «Maila altuan» dagoela nabarmendu zuen Garcia Plazak, eta bere «betiko bertsiorik onenean» dagoela: «Kalitate handia du, desoreka sortzeko ahalmena du eta aurkariaren areara erraztasunez iristen da».