Manex ALTUNA
BILBO
ATHLETIC

Iaz bezala, ilusioa pizteko ateak zabalik

Almeriaren aurkako azken hamaikakoa.
Almeriaren aurkako azken hamaikakoa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Athleticek berriro ondo hasi du denboraldia Ernesto Valverderekin. Ligako bigarren etenaldia iritsi da eta, teknikariak Almeriaren aurkako partidaren aurretik aipatu zuen bezala, Lezaman lasai lan egiteko aukera izango dute. Iaz bezala, 17 puntu lortu dituzte zuri-gorriek lehen bederatzi jardunaldietan. Bost garaipen, bi berdinketa eta bi porrot. Emaitza berdinak dira, nahiz eta ñabardurak egin daitezkeen.

Hasteko, Athleticek sei partida jokatu zituen San Mamesen. Talde zuri-gorriak 17 gol egin zituen, eta 6 bakarrik jaso. Aurten, aldiz, gol bat gutxiago sartu du eta hiru gehiago egin dizkiote. Golen balantze orokorra apur bat okerragoa izan arren, Athletic bosgarren tokian kokatuta dago sailkapen nagusian, eta iaz seigarren postuan zegoen. Aurten orekatuagoak izan dira bilbotarrek ateratako emaitzak San Mamesen eta etxetik kanpo.

HAMAIKAKOAK

Oro har, itxura ona eman du Athleticek eta ilusioa berpizteko bermeak erakutsi ditu. Hala ere, oraindik zalantzak guztiz uxatu gabe dago. Batez ere defentsa lanetan maila mantentzeko gai izango diren eta, partidak pilatzen hasten direnean, hamaikakoetan beti sartzen diren jokalariek, zein aulkitik ateratzen direnek, nola erantzuten duten. Erasoko jokoan taldearen ikur nagusiak diren Sancetek eta Nico Williamsek erregulartasun handiagoa erakutsi beharra daukate.

Iaz denboraldi amaiera eskasa egin zuten zuri-gorriek eta Europarako sailkapenak ihes egin zien, eskura zeukatenean. Taldea akituta iritsi zen azken txanpara eta Kopako finaletik kanpo geratzeak ere min egin zuen. Valverdek bide-orri berbera erabili du ikasturte berriaren hasieran eta, lesioengatik ez bada, aldaketa gutxi egin ditu hamaikakoetan. Entrenatzaileak konfiantza osoa dauka jokalari batzuengan, eta gainerakoek minutu gutxi izaten dituzte.

Unai Simonek partida guztietan parte hartu du. Ohiko defentsa De Marcos, Vivian, Paredes eta Yurik osatu dute. Yeray lesionaturik egon da, baina hamaikakoan tokia izan du suspertu denean. Imanolek eta Lekuek minutuak izan dituzte hegaletan. Zelai erdian Galarreta eta Vesga ezinbestekoak dira. Min hartuta egon direnean, Dani Garciak eta Herrerak bete dituzte hutsuneak. Unai Gomezek eta Pradosek minutuak izan dituzte. Sancet, Williams anaiak hegaletan eta Guruzeta hamaikakoetan egonkortuta daude. Aurrelari donostiarrak lau gol sartu ditu, maila bikainean ari den Iñaki Williamsek bezala. Muniain, Villalibre, Raul Garcia eta Berenguer ordezko aulkitik irten dira gehienetan eta gutxi erakusteko aukera izan dute. Julen Agirrezabala atezainak eta Adu Aresek, aldiz, ez dute ezer jokatu.