AMAIA EREÑAGA
BILBO

Frederick Wiseman, AEBetako kronista zorrotza, Zinebiko Ohorezko Saria

Frederick Wiseman itzal handiko zinemagilea izango da Zinebiren 65. edizioko Ohorezko Mikeldi Saria. Ibilbide luzeko egilea -94 urterekin lan berria dakar Bilbora- AEBetako kronikari bezala definitua izan da. Bizirik dagoen maisua da.

Frederick Wisemanek 94 urte ditu egun.
Frederick Wisemanek 94 urte ditu egun. (Erick MADIGAN HECK)

«Nik idazle baten lanarekin parekatzean dut nire lana. Muntaketa aretoan egiten dudana ez da asko bereizten nobelista batek egiten duenetik. Nik ere ‘idazten dut’ errealitatea. Sekuentzia bakoitzaren erritmoa eta sekuentzien arteko loturak zorrotz lantzen ditut, esaldiak eta paragrafoak legez, sekuentzia bakoitza irla bat delako eta nik irla desberdinekin artxipelagoak osatzen ditudalako», adierazi zuen Frederick Wisemanek (Boston, 1930) elkarrizketa batean, Iratxe Fresneda euskal zinemagileak (“Tetuan”, “Lurralde hotsak”...) orain urte batzuk egunkari honetan gogora ekarri zuenez. Fresnedarentzat, «zinema dokumentalaren eraldatzaile handienetakoa» da estatubatuarra. Mikel Insausti kritikariak ere ez du bere mirespena ezkutatzen: «Haren kemenak salbatu du dokumentala informazio erreportaje soil batera murrizten zuten konbentzionalismoetatik. Hastapenetik ulertu zuen zinema bera eragin kutsatzaileetatik babestuko zuen genero ezin hobea zela».

Frederick Wisemanek Arriaga Antzokian jasoko du Zinebi jaialdiko Ohorezko Saria azaroaren 10ean, inaugurazio ekitaldian, eta Beautiful Docs munduko dokumentalen panorama sailaren barruan eskainiko du bere ekoizpen berriena: “Menus Plaisirs - Les Troisgros” (2023); mundu mailako estreinaldia Venezian izan zen duela hilabete bat. Hiru jatetxeren jabe den Estatu frantseseko goi sukaldaritzan ospe handiena duen dinastia baten eguneroko bizitzan sartu da. Golem Alondegiko zinemetan proiektatuko da azaroaren 11n eta 16an.

Ohorezko Oscar Saria jaso zuen 2016an, egindako ibilbide osoagatik. Filmografia itzelak (50 film luze inguru, film laburrak eta hainbat kapitulu ‘PBS Independent Lensen’ dokumental sail ospetsuarentzat) zinemagile mitiko baten itzala eman dio Frederick Wisemani. 1960ko hamarkadan zinema dokumentala irauli zuen Zinema Zuzena izeneko mugimenduaren egilerik ezagunena da, AEBetako errealitatearen kronikari bihurtu du. Film dokumental berri bakoitzean urrats bat egin du. “Titicut Follies’ filmak (1967) Massachussets-eko espetxe psikiatriko bateko presoen bizitzaren erretratua erakutsi zuen. Lehenengo film luze hark -eta haren atzetik “Law and Order”, (1969), “Juvenile Court”, (1973), besteak beste-, gutxik bezala, Zinema Zuzenaren helburu utopikoa hedatzeko balio izan zuen.

Ikuspegi berritzaile batetik, bideoaren erabileraren sarrerarekin, film dokumental askotan, sarritan errituen, prozesuen, gizarteko ohituren edo Estatu Batuetako erakundeen eguneroko funtzionamenduaren deskribapen zehatza egin zuen: “State Legislature” (2007), “At Berkeley” (2013), “National Gallery” (2014), “Ex Libris” (2017) edo “Monrovia”, “Indiana” (2018) eta “City Hall” (2020).

Sari honekin Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak zor bat kitatuko du bizidun dokumentalista garrantzitsuenarekin.