Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Infernurako begiratokiak

Kanaria uharteek eskaintzen dituzten paisaiez gozatzeko luxua izan dut beste behin ere. Aurtengoa berezia izan da, Lanzaroteko kostaldeko pasealekuak munduko itsas pasealekurik luzeenaren izendapena jaso baitu. Hogeita sei kilometroko ibilbidean nenbilela, uharte hauetara iritsitako pateren inguruko kronika lazgarria entzun nuen irratian. Aurten, inoiz ez bezala, ehunka dira Atlantikoko irletara egunero iristen ari diren bizitza desesperatuak. Itsaso zabalari so egin diot, ulertu ezinik nola bilakatu dugun itsas paisaiarik ederrena munduko hilerririk handienera jotzen duen begiratokia, non hildakoek ez duten izenik ere.

Etxera bueltan ginela jakin genuen Gazako mugako 325 kilometroetan jazotzen ari dena. Han ere, izenik eta ahotsik gabeko milaka bizitza desesperatu. Izan ere, galtzeko ezer ez duena matxinatu egiten da, nahiz eta irabazteko ezer gutxi izan.

Irudi latz eta bortitzen gainetik, historiak sarri begi bistan utzi duen egitatearen manipulazio zakarra ikusten ari gara egunotan. Hizkuntzaren eta errealitatearen perbertsioak bere kuotarik handienak lortzen ditu gatazkak lehertzen direnean. Eta bien bitartean, guk gure Mendebaldeko begiratokitik segitzen dugu jazotzen denari so, historiak gu non kokatzen gaituen axola gabe.