GARA
WELLINGTON

Jacinda Ardern karismatikoaren absentzia nonahiko presentzia da, Zeelanda Berriko hauteskundeen atarian

Jacinda Ardern eta Chris Hipkins.
Jacinda Ardern eta Chris Hipkins. (Martin MELVILLE | AFP)

Jacinda Ardernen itzala luzea da, onerako zein txarrerako. Zeelanda Berrian hauteskunde orokorrak egingo dira igandean, eta Ardernen alderdi laborista porrotera abiatuko dela diote apustu gehienek. Ez dago dena galduta, baina itxura onik ez dute Ardernen lekua hartu zuen Chris Hipkins-en aukerek. Dena jaso zuen, alderdi laboristak errekor guztiak hautsi zituen hauteskunde emaitzekin, baina zeelandaberritarrak ez daude pozik, herrialdearen egoera okertzen doala uste dute, eta horren erru handiena Ardernen legatuari egozten diote.

Ardenek urtarrilean dimititu zuen ustekabean. Astebete geroago buruzagi berria zegoen, Hipkins bera, trauma handirik gabeko trantsizio baten ondoren. Handik hiru hilabetera parlamentari izateari utzi zion Ardernek. Kargua utzi zuenetik ia ez da komunikabideetan azaldu, ez da politika kontuetan busti eta laboristen kanpainan ez du inolako paperik jokatu. Laboristek ia ez dute aipatzen; Hipkinsek ez du publikoki kritikatuko, baina ez gogo faltagatik. Profil propio bat nabarmendu nahi du, langile tradizioarekin bat datorrena, sindikatuekin aliantzan, «ogiaz eta gurinaz» arituko dena, eskuekin ukitu eta poltsikoetan senti daitezkeen neurriez.

PROMESA ETA KONDENA

Jacinda Ardern covid-aren aurrean hartutako neurri zorrotzekin lotzen baita: mugak bi urtez itxita, konfinamendu latzak, eta ekonomikoki ondorio larriak. Hipkins saiatu da alderdi «langileagoa» eta «zentratuagoa» den itxura ematen, laborismoa bere erara moldatzen. Baina maniobrarako tarte txikia izan du. Eta hala doa hauteskundeetara: etorkizun berri baten promesarekin eta iragan baten kondenarekin.