Iraitz MATEO
DONOSTIA
2023KO EUSKADI LITERATURA SARIAK

Urretabizkaia, Zubizarreta eta Larratxe, Euskadi sarien irabazleak

Euskadi Literatura sarien lehenbiziko hiru izenak ezagutzera eman zituzten atzo. Euskarazko literatura saria Arantxa Urretabizkaiak jaso du; euskarazko haur eta gazte literatura saria, Patxi Zubizarretak; eta ilustrazio saria, aldiz, Joseba Larratxek.

Azaroaren 15ean banatuko dira sariak.
Azaroaren 15ean banatuko dira sariak. (Gorka RUBIO | FOKU)

2023ko Euskadi Literatura sarien irabazleak Donostiako San Telmo museoan aditzera eman zituzten atzo goizean. Arantxa Urretabizkaiak jaso du euskarazko literatura saria, “Azken etxea” (Pamiela) lanari esker. Patxi Zubizarretak, euskarazko haur eta gazte literatura saria bereganatu du “Zerria” (Erein) obrarekin. Azkenik, Joseba Larratxek, ‘Josevisky’-k, ilustrazio saria eskuratu du, “Ni ez naiz Mikel Laboa” (Elkar) komikian egindako lana goraipaturik.

Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak irabazleen berri eman zuen, eta sari hauen helburua irakurleengana idazleen lana gerturatzea eta literaturaren sustapena dela adierazi zuen ekitaldian.

“Azken etxea” eleberriarekin eskuratu du Urretabizkaiak 2023ko euskarazko literatura saria. Epaimahaiak liburuak eskaintzen dituen «ezaugarri formal eta hautu estetiko bereziak» aipatu zituen lan hau aukeratzean. Konta teknikak «bihurritu» eta askotariko ahots eta ikuspegien erabilera «trebeziaz tartekatzea» baloratu zuten. Bestalde, jorratzen dituen gaiei garrantzia eman ziotela adierazi zuten: «Iraganeko arrazoi askotariko klandestinitateek, erbesteratzeek, izaera multipleak norbere baitan bereizita bizi beharrak eta etxera itzultzea bezalako gaiak iaioki barreiatzen dira eleberriko orrialdeetan».

Pozez hartu zuen saria Urretabizkaiak, eta berria jaso zuen momentuan dantzan hasi zela aitortu zuen: «Sukaldean dantzan ibili nintzen pozaren pozez». Kontatu zuen zalantzak izan zituela eleberria idaztean: «Ez nekien gauza izango nintzen nire adinarekin eleberri txukun bat egiteko». Izan ere, ez omen da hori gizarteak «zaharrez esperotakoa», eta umore puntu bat jarriz plazaratu zuen bere hausnarketa: «Orain esaten den bezala, 24/7 deskantsuan nahi gaituzte, gazteei lekua utzi behar diegula diote». Hala ere, argi esan zuen «bizitzak uzten badio» saria jaso zuen liburua ez dela bere azkena izango.

LANDUTAKO LANAK

Zubizarretaren “Zerria” obra, epaimahaikideen iritziz, «errazkeriatik eta gazte literaturaren topiko tipikoetatik aldentzen den literaturako lan landua» da. Garai bateko kontakizunetatik gaur egungo gaiez gogoetatzera eramaten du irakurlea. «Pertsona moduan hazten joateko eta literatura zer den eta nola egiten den jakiteko adibide guztiz egokia» dela iritzi dute epaileek.

«Memoria ariketa bat» egiten du liburuan Zubizarretak, hala deskribatu zuen behintzat berak. Lehenagotik Lizardi Saria irabazia zuen eleberri berarekin. Halabeharrez aurkeztu behar izan zuela kontatu zuen: «Horrelakoa baita gure bizitza, autonomo kuota hilero ordaindu behar». Baina ez da jasotako sari bakarra, izan ere, Espainiako haur eta gazte literaturako saria jaso zuen espainolezko itzulpenarekin. «Egungo gizartea harridura guztietara ohitu gara, baina oraindik harritzea eta ohitzea dagokigu, eta hori literaturaren bidez egingo dugu», esanez egin zuen literaturaren garrantziaren aldeko aldarria.

LABOA HIRU AHOTSETARA

“Ni ez naiz Mikel Laboa” lanarekin eskuratu zuen Joseba Larratxek ilustrazio saria. Epaimahaiaren iritziz, hainbat baliabide erabiltzen ditu ilustratzaileak: «Binetak, ilustrazioak eta orrialde bikoitzak, narratiban lengoaia ezberdinak eta berrikuntza grafikoak tartekatuz». Erabilitako sekuentziazioan islatzen da obra landua dela epaileen ustez. Kultur erreferentzia eta sinbolo asko jasotzea laudatu zuten.

«Niretzat lan hau bizitzan behin etortzen zaizun horietakoa da, ilusioz hartzen duzuna. Batetik, Harkaitz Cano eta Unai Iturriaga izan ditudalako bidelagun, eta bestetik Mikel Laboari buruzkoa delako, niretzat figura garrantzitsua izana», azaldu zuen Larratxek, sarien berri emateko egindako agerraldian. Kontatu zuen bere onena ematen ahalegindu zela, eta hori Mikel Laboa Katedrari esker egin zuela, «behar adina denbora eta baldintzak bermatzeagatik».

Komikia inprimatzen ari zen bitartean 7K-rekin izan ziren hiru egileak, eta hasieratik aitortu zen Larratxek beretzat berezia zela: «Une hartan, beste lan bat zela-eta, proposamenari ezin nion baiezkoa eman, eta bihotza puskatu zitzaidan. Niretzat Mikel Laboa, beste euskaldun askorentzat bezala, figura izugarri inportantea baita. Mikel Laboa Katedrak ez ditu argitaletxe baten denborak. Horri esker itxaron ahal izan zuten, eta ikaragarri eskertua sentitzen naiz».

Eta Iturriagak etorkizuna irakurtzeko gaitasuna duela demostratu zuen. «Hasierako blokeoa gaindituta, pentsatu nuen: ‘hemen zerbait polita dator’. Ez da komiki bat gehiago izango», kontatu zuen joan zen urteko azaroan.

SARI BANAKETA

Zupiria sailburuak horrelako sariak banatzearen garrantzia gogoratu zuen, eta irakurzaletasuna bultzatzeko dei egin zuen: «Irakur ditzagun, gomendatu ditzagun, pasatu ditzagun eskuz esku... Bultzatu dezagun irakurtzeko grina».

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu. Datorren astean aurkeztuko dira falta diren laurak: literatura espainolez, literatura itzulpena euskaraz, saiakera euskaraz eta saiakera espainolez. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratuz gero.

Aurtengo Euskadi Literatura sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 15ean Getxoko Muxikebarri zentroan egingo da.