GARA
BILBO

Kontseilua: «Hizkuntza-ereduak traba dira euskararen normalizaziorako»

Euskalgintzaren Kontseiluak kezka azaldu zuen, atzo, Lakuako Gobernuko kideek EAEko Hezkuntza Lege berrian hizkuntza-ereduei eusteko asmoa agertu dutela-eta. Esan zuenez, tresna zaharkitua da, ikasgeletan jada gaindituta dagoena, euskararen normalizaziorako oztopoa eta belaunaldi berriak euskaldun eleaniztunak izateko ikasteredu inklusiboaren kontra doana.

Kontseilua, hezkuntza eragile nagusiak eta sindikatuak, iaz egindako agerraldian.
Kontseilua, hezkuntza eragile nagusiak eta sindikatuak, iaz egindako agerraldian. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Kezkaz» jaso du Euskalgintzaren Kontseiluak EAJk eta PSEk adierazitako asmoa, alegia, EAEko Hezkuntza Lege berrian duela 40 urte sortutako hizkuntza-ereduak mantentzekoa. Hala adierazi zuen ohar batean atzo, gaineratuz ikasgeletako egungo errealitateak erakutsi duela «jada gainditutako sistema bat» dela eta «euskararen normalizazioan aurrera egiteko oztopo».

Ereduei eustea legea ontzeko prozesuan bertan aztertutakoaren aurka doala esan zuen Kontseiluak. Izan ere, gogora ekarri zuen «2021ean abiatutako eztabaidaren prozesu osoan zehar, euskalgintzak, hezkuntza komunitateko eragileekin eta sindikatuekin batera, hizkuntza-auziaren korapiloa askatzeko proposamen argia» egin zuela: «Euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta etorkizuneko ikasle guztiak euskaraz jabetzeko bide bakarra euskarazko ikasteredu inklusiboa orokortzea» dela adostuz.

Bide horretan, hezkuntza sistemaren ikas eta irakas hizkuntza normalizatua euskara izatea planteatu zuten eragileek, «belaunaldi berriak euskaldun eleaniztunak izateko bide arrakastatsu eta ia bakarra» dela frogatu denari babesa emanez.

Horrekin batera, «datu eta azterketa guztiek» baieztatzen duten apustua dela azpimarratu zuen, baita «gizartearen adostasun zabala duen proposamena» ere.

Bere hitzetan, ikasgeletako errealitateak frogatu du «ereduak zaharkitutako tresnak direla, eta sistema mantentzeak «milaka ikasle euskaldundu gabe uztea eragingo» duela, haiei «kalte nabarmena eraginez, aukera sozial eta profesionala areagotzeko tresna garrantzitsua ukatzea den heinean» eta, orokorrean, euskararen normalizazioa eta gizarte kohesioa eta bizikidetza kaltetuko duela.

IZAERA DISKRIMINATZAILEA

Ildo beretik, ereduen sistemak izaera diskriminatzailea duela aipatu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak: «Milaka ikasleri bertako hizkuntzaren gaitasuna lortzea galaraziko baitzaie, ofizialtasunak ezartzen duen euskara ezagutzeko eskubidearen eta botere publikoen betebeharren kontra».

Ereduek segregazioan duten eraginaz ere ohartarazi zuen Kontseiluak, hainbat kasutan «zaurgarritasun ekonomikoari zaurgarritasun soziolinguistikoa» erantsiko baitiote.

Bestalde, kezkagarritzat jo zuen gurasoen erabakitzeko ahalmenaren argudioarekin «etorkizuneko belaunaldien aukera-berdintasuna baldintzatzea». Milaka haur elebakartasunera kondenatzea suposatzen duela uste dute eta legeak epe luzeko begirada behar duela, eta, Hezkuntza Itunean adostu zen bezala, belaunaldi berriek bi hizkuntza ofizialak eta gutxienez atzerriko bat menderatzea bermatzen duen sistema baten alde egin behar duela.

Azkenik, Kontseiluak gogora ekarri zuen hezkuntzako eragile nagusiek (Ikastolen Elkartea, Ehige, Heize eta Hik Hasi) eta gehiengo sindikalak (ELA, LAB eta Steilas) abian jarritako “Hezkuntzak euskara gehiago behar du” sinadura bilketak urriaren 29ra arte martxan jarraituko duela.

«Abagunea zein den kontuan harturik, are eta garrantzitsuagoa da sinaduren bidez proposamen horri indarra ematea», nabarmendu zuen.